Mendietako erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko proposamenak egin dituzte
Bermeoko EH Bilduk dioenez, pandemiak mendietako erabiltzaileen kopurua handitu du, "aisialdia eta arnasguneen bila". Horrek, administrazioaren ardura "areagotzea" dakarrela uste dute.
Bermeoko EH Bilduk udalerriko auzokideen eta mendietako erabiltzaileen segurtasuna eta ingurumenaren kontserbazio egokia bermatzeko proposamenak egin dizkio udal gobernuari.
Diotenez, pandemiak mendietako erabiltzaileen kopurua handitu du, “aisialdia eta arnasguneen bila”. Horien arabera, albiste ona bada ere, administrazioaren ardura “areagotzea” ere badakar. Gogorarazi dute, gainera, ehiza denboraldia dela: “Ehiza auzokide, mendizale eta gure ondare naturalean eragozpen ugari sortzen dituen jarduera bat da. Nahiz eta azken urteetan egoera zertxobait hobetu den, oraindik ere, zenbait kezka ditugu, batez ere, auzokide eta mendietako erabiltzaileen segurtasuna eta ingurumenaren kontserbazio egokia bermatzeko”.
Basurdeen eta orkatzen «gainpopulazioagaz dagoen arazoaren jakitun direla aipatu dute: “Inguruko auzokideen ustiapenetan arazoak sortzen dituzte eta auto istripuen arriskua handitu ere egiten dute. Berezko harrapari naturalik ez duten espezieak dira, eta gainera, beraien habitata erabat suntsitu dute, elikagaiez hornitzen zituzten bertoko basoak pinua eta eukaliptoa bezalako espezie exotikoz bete dituztelako”.
“Adosteko beharra”. Arazoa “konplexua” dela uste dute, “eragile ezberdinen interesak uztartzea eskatzen baitu”. Koalizo abertzaleko zinegotziek uste dute “guztien artean” adostu beharreko irtenbide bat bilatu beharko litzatekeela.
Azkenaldian izandako zenbait gertaera “kezkagarri” aipatu dituzte: “Batzuk aipatzekotan, aurtengo maiatzean Solluben norbaitek mendian utzitako arma bat aurkitu zuten, eta otsailean, berriz, salaketa bat jarri zuten Bakion, lurzuro pribatua okupatzeagatik eta etxebizitza batetik 50 metrora tiro egiteagatik”.
Hori guztiori ekiditeko EH Bilduk zenbait proposamen egin dizkio udalari. Hala, ehizaren inguruko lege eta ordenantzak betearazteko, udalaren esku dagoen guztia egitea eskatu diote, “herriko mendiak bertokoentzako gune seguruak izateko”. Ehiza postuen inguruan mantentze lanak eta garbitasuna bermatzea eskatu dute, bai eta auzoetako ehiza gabeko guneak zehaztea eta ondo seinaleztatzea ere.
Autoak aparkatzeko guneak ondo zehaztu beharko liratekeela ere uste dute, “bizilagunei eragozpenak ekidin aldera”. Uxaldien aurretik, gainera, uste dute auzotarrak eta mendiko erabiltzaileak “ondo informatu” behar direla.
Auzoetako batzarretan ehizari buruzko “ohar eta komunikazioak” indartzea ere eskatu dute; “salaketak non jarri jakin dezaten edo telefono zenbakiren bat ahalbidetu”. Isileko ehizarik egon ez dadin Bizkaiko Foru Aldundiagaz beharrezkoa den lankidetza eskatzea eta ehiza elkarteari kolaborazioa eskatzea ere proposatu dute.