Ligaren etenaldiaren osteko partidua irabazi du Gernikak, Malosten
Emakumezkoen Ligaren 8. jardunaldian, Lointek Gernika Bizkaiak 72-50 irabazi dio Baxi Ferroli. Talde gernikarrak Ensinoren kontra jokatuko du domekan, Lugon.

Emakumezkoen Ligaren bi asteko etenaldiaren ostean, 8. jardunaldia lehiatu zuten Lointek Gernika Bizkaiak eta Baxi Ferrolek, atzo iluntzean [azaroak 18], Malosten.
Behetik gora joan ziren etxeko jokalariak. Ez ziren gura moduan hasi, baina, bigarren laurdenean egindako hobekuntzek saria eduki zuten, eta bigarren zatian nagusi izan ziren. 75 eta 50eko markagailuagaz amaitu zuten neurketa.
Partidu gogorra izan zen, eta Gernikaren jokalariei erritmoa hartzea kostatu zitzaien hasieran. Marta Alberdi gernikarraren berbetan “partidu interesgarria” izan zen: “Ligako taldeen artean joko desberdina dauka; kanpotik jokatzen dute asko, lau jokalari irekita, eta jaurtiketa asko egiten dituzte. Aldaketa askogaz jaurtiketa horiek gutxiago izan daitezen ahalegindu gara, eta uste dut lortu dugula”. Partidua “apurtzea” kostatu zitzaiela aitortu zuen. Bigarren zatia erosoa izan zen etxeko taldearentzat: “Uste dut defentsa ona egiten dugunean, gauzak ondo irtetzen zaizkigula, eta gaur ikusi da”.
Mario Lopez Gernikaren entrenatzaileak: “Txarto hasi gara; taldea oso geldo hasi da, erasoan zein defentsan aktibitate gutxigaz. Hiruzpalau jaurtiketa on egin baditugu, erasoan huts egite asko egin ditugu. Hutsartearen eta aldaketen ostean, defentsan hobetu gara”. Hain zuzen ere, etxekoek defentsan emandako aurrerapausoa igarri zen bigarren laurdenean, eta horren erakusle da tarte horretan Ensinok bost puntu bakarrik lortu izana. “25 eta 5eko partziala egin dugu”. Horri esker, 14 puntuko errentagaz (33-19) heldu ziren atsedenaldira, eta hirugarren laurdenean aldea handitzea lortu zuen Gernikak (55 eta 35eko markagailuagaz sartu ziren azken laurdenera).
“Atsedenaldiaren ostean, momentu onak eduki ditugu, baina beste momentu batzuetan aktibitatea galdu dugu, erasoan erritmoa galdu dugu, eta akats gehigi egin ditugu”, azaldu zuen Lopezek.
Bestalde, aurreko astean fitxatutako Lashann Higgs jokalariak minutu batzuk jokatzeko aukera eduki zuen.

Argazkia: Maria Mentxaka.
Domekan, Galizian. Bi talde galiziarren kontra lehiatuko da talde gernikarra aste honetan. Duran Maquinaria Ensinoren kontra jokatuko du domekan [azaroak 21], 19:00etan hasita, Lugon.
Erregina Kopara sailkatzeko “aurkari zuzena” da Lugoko taldea, eta beraz, domekako partidua oso garrantzitsua dela esan du Alberdik: “Taldea sendotu dute, entrenatzaile berria daukate denboraldi honetan. EuroCup jokatzen ari dira eurak ere. Badakigu talde gogorra aurkituko dugula domekan”.
Entrenatzaileak irabaztearen garrantzia aipatu zuen: “Defentsan talde erasokor bat espero dugu. Defentsan oinarritzen du bere lana. Talde azkarra da, eta etxean are azkarrago jokatuko du. Partidu on bat egin, eta irabaztea da helburua. Halaber, EuroCupeko partidurako–eguaztenean La Rocheren kontra jokatuko dute– sentsazioak hobetzen saiatuko gara”.
Hala, defentsan hobetu beharra nabarmendu du Lopezek: “Alde horretatik, komunikazioa, errebotea hobetu behar dira, eta erasoan beste joko-erritmo bat eduki behar dugu; azkarrago ibili behar gara, eta zalantza barik jokatu”.
Gaur gaurkoz, ligaren sailkapenean zortzigarren postuan dago Lointek Gernika Bizkaia, 12 puntugaz (launa partidu irabazita eta galduta). Campus Promete zazpigarrenak ere 12 puntu ditu. Gernikaren atzetik 11na puntugaz daude, Spar Gran Canaria, IDK eta Ensino. 13 puntugaz daude Araski talde gasteiztarra eta Zaragozako taldea.

Argazkia: Gernika KESB.