Santa Zezili omenduko dute Gernika-Lumon eta Bermeon
Santa Zezili Eguna astelehenean bada ere, barikuan eta egunean bertan omenduko dute Gernika-Lumoko Segundo Olaeta Musika Eskolako musikariek, eta Bermeon, berriz, astelehenean aterako dira kalera Arrekatxutxa triki eta pandero taldekoak.
Musikarien zaindariaren jaia ospatuko dute Busturialdean, beste urte batez. Santa Zezili Eguna astelehenean bada ere, barikuan eta egunean bertan omenduko dute Gernika-Lumoko Segundo Olaeta Musika Eskolako musikariek. Bermeoko Arrekatxutxa triki eta pandero taldekoak santuaren egunean bertan aterako dira kalera.
Jai giroan elkartuko dira gernikarrak. Emanaldia musika eskolako trikitilarien kalejirarekin hasiko da, hauek herriko kaleetan zehar ibiliko baitira merkatu plazara heldu arte. Han, 18:00etatik aurrera, ikasturtean zehar ikastakoak erakusteko aukera izango dute musikariek.
Saxo bikotea eta trikitixa, pandero eta txistu taldekoak ariko dira oholtza gainean, baita biolontxelo taldekoak ere. Orkestrako musikariek ere euren lanak erakutsiko dituzte, eta bandak ere saioa eskainiko du. Orkestrakoak Zea Maysen Negua joan da ta, Coldplayren Viva la vida, Williamsen Indiana Jones edota Badelt-en Piratas del Caribe soinu bandekin musikatuko dute Merkatua. Bandakoek Paul Murtharen Runaway baby, Duthoit-en West side story edota Boccok-en The Blues Brothers review eskainiko dituzte.
Bermeoko Kanta kanta lorue ekimeneko kantuzaleek zapaturako zeukaten hitzordua jarrita, kantuz girotu gura zituzten Bermeoko kaleak, eta ondoren, bazkaritan bildu. Hala ere, pandemiaren egoera “txarrera” doala-eta, bertan behera uztea erabaki dute.
Astelehenean, berriz, Zezili Deunaren omenez, Arrekatxutxa triki eta pandero taldekoak musika aterako dute kalera. Hain zuzen ere, Aurrekoetxea kalean ariko dira 19:00etan hasita, kale horretan baitago Santa Zezili deuna.
“Kantatzen duen herriak bizirik irauten duela” oinarri hartuta, herritarrak Santa Zezilia omentzeko ekitaldietan parte hartzera animatu dituzte Bermeo eta Gernika-Lumoko arduradunek, “musikaz gozatu eta ondo pasatzeko aukera ederra delako”.