Gernika Sporting gaua, futbol taldeari laguntzeko
Zailtasun ekonomikoekin hasi dute liga, eta arazo horiei aurre egiteko, Sporting gaua antolatu dute zapaturako Astran. Herritarrei bertaratzeko deia egin die antolatzaileek.
Herriko futbol taldeari merezi duen lekua eta balioa eman gura diote Gernika Sporting taldeko jokalariek. Zailtasun ekonomikoekin hasi dute liga, eta arazo horiei aurre egiteko, Sporting gaua antolatu dute zapaturako Astran. Herritarrei 16:00etan Urbietako partidura joateko eta 20:00etatik aurrera Astrara bertaratzeko eta ondo pasatzeko deia egin diete antolatzaileek.
Iazko osasun egoera zela eta, ezin izan ziren ohiko futbol partiduak jokatu, eta liga bertan behera gelditu zen hainbat mailatan. Aurton, normaltasunez hasi dute liga, baina jokalarien fitxak ordaintzeko arazo ekonomikoak dituztela adierazi dute Gernika Sporting taldeko ordezkariek. “Gure babesle ziren herriko enpresa askok ezin digute babestu aurten. Gainera, instituzioen aldetik jasotako diru laguntza murritzagoak dira aurten. Ez dugu behar genuen beste jaso”, adierazi du Egoitz Izarzugaza Gernika Sporting taldeko entrenatzaileak. Hala, jokalariek euren esku dirutik ordaindu behar dituzte jokatzeko fitxak, klubak ezin dituelako bere gain hartu: “Lehen klubak ordaintzen zituen, baina momentu honetan ezin ditu ordaindu”. Jakinarazi du, aurreko denboraldian irabazitako Bizkaiko Kopari esker, aurtengo denboraldiko arbitraje guztiak ordainduta dituztela; hori “sekulako laguntza” dela dio.
Jokalarien fitxa horiek ordaintzeko helburuagaz, baina, musika jaialdia antolatu dute zapaturako. Futbolariek bultzatutako ekimena da, taldeari laguntzeko asmoz prestatu dutena. “Eurak dira sustatzaileak, eta eurak dira dena antolatzen ari direnak”, zehaztu du entrenatzaileak.
Hala, Gernika-Lumoko Kolpeka taldea eta Bermeoko Radio Guerrilla musika taldeak igoko dira Astrako oholtzara, eta DJ Ramix-ek borobilduko du gaua. “Musika taldeei gure esker ona adierazi gura diegu, kontzertuak boluntarioak izango direlako”, adierazi du Izarzugazak. Jakinarazi du sarrerak Ospan edota Astran –16:30etik 20:30era bitartean– eskuratu daitezkela, eta herritarrak leku horietara joan ezin badira, sare sozialetatik eskatu ahal dituztela.
40 urtez herrian. Gernika Sporting taldeak udalerrian daukan presentzia azpimarratu gura dute jokalari zein entrenatzaileek. 40 urte bete ditu taldeak, eta kluba egiten ari den lana ikusarazteko eta aitortzeko ere balioko du jaialdiak. “Gernika Club herriko taldea bada, gu auzokoa gara. Lurralde mailako A taldeko jokalari guztiak gernikarrak dira, baita B taldekoak ere. Klubak aurrera jarraitzea gura dugu, herriko bizilagunei futbolean jokatzeko aukera eskaintzen jarraitzeko. Diru barik, baina, zaila da taldea mantentzea eta aurrera ateratzea”.
Azken urteetan kluba “asko handitu” dela adierazi du Izarzugazak: “Futbol eskola daukagu, baita alebinen eta urte asko eta gero osatu ditugun infantil eta gazteen taldeak ere. Aspaldian, Gernika Sportingek maila askotako taldeak zituen, baina azken urteetan erregionala bakarrik eduki du. Roman Atxikallende presidentearen lanagaz, baina, apurka-apurka haziz joan da kluba. Gero eta ume eta jokalari gehiago dauzkagu taldean, baina denon laguntza behar dugu aurrera egiteko”. Hala, Gernika-Lumoko enpresa eta instituzioei euren ekarpena egiteko deia egin die.