Gernika-Lumoko bide segurtasuna hobetzeko asfaltatze lanak egiten ari da udala
Herrigunean eta herrigunetik kanpoko bideak asfaltatzen ari da udala. Lan horiek egiteko, 174.133,15 euroko aurrekontua aurreikusi du.
Gernika-Lumoko Udalak udalerriko kale eta bideak zaindu eta mantentzeko lanekin jarraitzen du, “herritarrentzako herri atsegina eta erosoa egokitzeko”. Hori dela eta, herrigunean eta herrigunetik kanpoko bideak asfaltatzen ari da orain, eta lan horiek egiteko, 174.133,15 euroko aurrekontua aurreikusi du.
“Herri batean zerbait garrantzitsua badago, udalerriko oinezko zein ibilgailuentzako bideen mantenua egitea da, zentzu guztietan: oinezkoentzako bideak ondo egon behar dira bizilagunen iriste erraztasuna bermatzeko, eta autoentzako bideak ere zaindu egin behar dira, baita herriko garbitasuna ere”, adierazi du Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak.
Lumon hasi zituzten asfaltatze lanak, auzoko bi tarte egokituz. Lehenengo tartean, Etxebarrikortatik Txipitxenerainoko bidea hobetu zuten, 1,1 kilometro dituena eta bederatzi familiari eragiten diena; izan ere, baserri batetik bestera arteko bideak dira hobetutakoak. “Txipitxenen hiru etxe daude, bina Mendiondon eta Etxebarrin, eta beste bi Etxebarrikortan”, adierazi du alkateak. Eremu horretako lanokin amaituta, Madure Errota baserrirako eta Madure Etxebarri baserrirako sarbibideak hobetu zituzten, 260 metroko luzera daukan bigarren tartea asfaltatuz.
Hori horrela, Lumoko baserrietarako sarbideak hobetzeko 1,3 kilometroko lanak egin dituzte, baina lehenengo tarte horretan lur jauzi txiki batek erangindako kaltea konpondu behar dutela adierazi du Gorroñok. “Bide ondoan pilatu da lurra, eta ez dio urari bere bidea egiten uzten. Hori konpondu behar dugu orain, eta Gabon aurretik egitea aurreikusi dugu”.
Orain, herrigunean ari dira asfaltatze lanak egiten. Hain zuzen, Allende Salazar Herri Ikastetxearen aurrean –Zearreta kalean– dagoen oinezkoentzako pasabidea goratu dute, ibilgailuen joan-etorria moteltzeko: “Ikasleen segurtasuna bermatu asmoz, semaforoak jarri genituen udalerriko ikastetxe guztien aurrean, baina, orain, herri ikastetxeko beste irteeran pasabidea goratu dugu. Ikasleen gurasoek autoak bide horretatik oso arin doazela jakinarazi digute behin baino gehiagotan, eta horien abiadura moteltzeko asmoz goratu dugu pasabidea”.
Pasabide hori goratzeaz gain, Tiloetako beste bi goratuko dituzte, Carlos Gangoiti kalean. Urbietarantz joateko bidean, espaloiaren altuerara egongo diren beste oinezkoentzako pasabide bi goratuko dituzte, oinezkoen iriste erraztasuna eta segurtasuna bermatzeko.
Juan Kaltzada kaleko tarte bat egokitzeko lanetan ari dira orain. Lurgorriko autobus geltokiaren aurreko tartea da, hain zuzen, barriro asfaltatzen ari direna, Txikerra txokotik irteerako biribilguneraino.
Aurrerantzean, Pedro Elejalde kaleko zoruan dauden gorabeherak ere konponduko dituzte, eta Santanape taberna aurreko bidea konponduko dute.