Zallo hilerriko kapera erabilgarri dago
Kapera barruan zegoen errausketa labearen bibrazioek kalteak eragin zizkion eraikuntzari eta duela bi urte itxi egin behar izan zuten. Orain, eraikina eraberrituta dago, eta erabil daiteke.
Gernika-Lumoko Zalloko hilerriko kapera zabalik dago berriro. Kapera barruan zegoen errausketa labearen bibrazioek kalteak eragin zizkion eraikuntzari eta itxi egin zuten duela bi urte, “herritarren segurtasuna bermatu asmoz”. Dagoenerako zabaldu dute, eta erabilgarri dago.
Lanok burutzeko erabilitako aurrekontua 104.380 eurokoa izan dela adierazi du alkateak, eta obrek bi urte baino gehiago iraun dutela azaldu du, pandemiaren ondorioz hobekuntza lanak gelditu egin behar izan zirelako: “Kaperak bi urte baino gehiago zeramatzan zarratuta, pandemia aurretik itxi genuelako. Orduan hasi ginen zimentazio lanak egiten, baina pandemiagaz dena gelditu behar izan genuen. Inor ezin zen hilerrira sartu, eta ezin ziren lanok amaitu”.
Eraikina eraberrituta dago, baina bertan zegoen Kristo baten eskultura zaharberritzen ari direla zehaztu du alkateak. 3 metroko altuera eta 1,80 metroko zabalera zeukan artelanak, eta hori ere zahartuta zegoen. Hala, kaperatik kendu eta noizkoa den aztertu dute, 1920 eta 1923 bitartean Gironako Olot enpresa batean egin zutela ondorioztatuz. “Ehun urte baino gehiago izan ditzake, ez dakigu oso ondo, bonbardaketan dokumentazio guztia erre baitzuten. Orain eskultura hori kaperan jartzea falta da, zaharberritzeko lanean ari direlako oraindik”, adierazi du alkateak, kapera eta barruan zegoen eskultura bonbardaketaren aurrekoak direla azpimarratuz.