Omako baso margotu berrian 400.000 euro inbertituko ditu aldundiak
Omako Baso Margotua gaur egungoaren ondoan dagoen hamahiru hektareako lursail batera lekualdatuko dute, eta lan horiek egiteko, 400.000 euro inbertituko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak 2022an.
Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak 62,9 milioi euro izango ditu bere eskumenen eremuko programei erantzuteko, iaz baino %26 gehiago. Eta kultur azpiegiturak hobetzeko lanen artean nabarmendu du Omako baso berriaren proiektua: “2022an Omako baso berriaren proiektua sendotuko da, eta 400.000 euro horretara bideratzea erabaki dugu”.
Bizkaiko Foru Aldundiaren asmoa Bizkaiko kultur sarea babesten jarraitzea dela dio Bilbaok, baita talentua erakartzea eta euskarazko kultur sorkuntza bultzatzea ere. “Euskararen aldeko lehentasun hori etengabekoa izango da eskola kirolean eta gazteen artean euskarearen erabilerea areagotzeko ekintzetan. Aldundiak lehentasuna emongo dio bere jardueretan genero-ikuspegia lantzeari ere”. Datorren urteko berrikuntzetako bat emakumeen parte hartzean eragiteko asmoa daukan Pasa baloia neskei proiektua izango da.