2022ko egutegia osatzeko Nabarnizko argazki lehiaketa martxan dago
Azaroaren 30eko 14:00ak aurretik aurkeztu beharko dira argazkiak. Nabarnizen erroldatutakoek parte har dezake, eta, bakoitzak, gehienez hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu.
2022ko egutegia osatzeko argazki lehiaketa martxan dago Nabarnizen. Datorren urteko egutegia nabarniztarrek egindako argazkiekin apaindu gura dute, eta horretarako, Nabarniz ardatz duten argazkiak aurkeztu beharko dituzte parte hartzaileek; herriko ohiturak, paisaia, kultur eta arkitektura ondarea edota bizimodua islatu beharko dituzte besteren artean. Zehaztu dute argazkiak herrian egindakoak izan beharko direla, “argi eta garbi ezagutzeko moduan”.
Azaroaren 30eko (martitzena) 14:00ak aurretik aurkeztu beharko dira argazkiak. Parte hartu gura dutenek udala.nabarniz@bizkaia.org helbide elektronikora bidali beharko dituzte, JPG formatuan.
Nabarnizen erroldatutakoek parte har dezake, udaletxeko langileek eta udal ordezkariak izan ezik, eta, bakoitzak, gehienez hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu, edozein teknika eta koloretan. Hori bai, horizontalean ateratakoak izan beharko dira, eta gutxienez 2Mb edo 4000×3000 pixel izan beharko dituzte. Argazki bakoitzak izenburu bat edo azalpen labur bat eraman beharko du, baina ez egilearen izen, sinadura, ez bestelako identifikazio daturik.
Aurkeztutako argazki guztien artean 12 aukeratuko dituzte, 2022ko egutegia osatzeko. Hautatutako argazkien egile bakoitzak, gainera, 50 euroko saria jasoko du. Udal arduradunek jakinarazi dutenez, argazkien aukeraketa udalaz kanpoko aditu talde batek egingo du.
Datuen babesa. Nabarnizko Udalak zehaztu du aurkeztutako argazkietan pertsonaren bat edota eraikin edo bestelako ondasunen bat agertuz gero, norbanako horren idatzizk baimena aurkeztu beharko dela.
Halaber, lehiaketan parte hartzen duten pertsonek euren argazkiak erabiltzeko baimena emango diote udalari, argazkiak erreproduzitu, argitaratu eta publikora zabaltzeko.