Denon artean, Gernikara aldaketa ekarri nahi du EH Bilduk
Desberdinen Gernika marraztearen aldeko apustua egin du gaur alderdiak, herritar denen beharrak asetuko dituena; horretarako, gobernantza eredu berria ere proposatu du.
Ekitaldi berezia egin du Gernika-Lumoko EH Bilduk gaur iluntzean [azaroaren 13a]. Merkurio iturrian bildu dira dozenaka herritar. Ikusentzunezko proiekzioek garrantzia hartu duten ekitaldian, desberdinen arteko batasunaren aldeko mezua zabaldu du koalizio abertzaleak. Asier Zugadi musikariak girotutako sarreraren ostean, herriak guztion beharrizana duela azpimarratu dute Jose Ramon Bilbao Bulik eta leire Gonzalezek. “Denak gara beharrezko, denak gara garrantzitsuak herri honetan, eta herria denen artean egin behar dugu”, nabarmendu dute.
Kritikak alde batera utzita, errudunak bilatzeari utzi eta konponbideak eta prebentzio neurriak jartzearen alde agertu dira. “Ez dugu sinisten gotik beherako sistema horretan. Asmoak partekatu eta ardurak konpartitzea da guk proposatzen duguna. Eta horretan ibili gara, aldaketa herri honetara ekarri nahian. Herri honek aurrera egingo badu modu justuan eta solidarioan, denon artean partekatuta baino ez delako izango”.
Aipatu dute, baita, pandemia hasi zenetik igaro den urte eta erdi luzeak erronkak nabarmendu dituela, lehen egon direnak eta berriak. “Gernikarrak izateagaz pozik gaude, eta denen beharrizanak asetuko dituen Gernika nahi dugu: soziala, kulturalak… nork bereak ditu, baina denak gara gernikarrak. Izan be, hori gara: desberdinak berdintasunean”. Hala, EH Bilduren iritziz, desberdinen artean herriaren diagnostikoa egitean dago gakoa: “Horrela bakarrik ulertuko dugulako zer den herri hau. Eta uste dugu lidergoa izan behar dela partekatua, erabakiak eta ondorioak. Prest gaude horrela lan egiteko”.
“Herri honetan denak kabitzen gara”. Gobernantza eredu berri bat ezartzearen alde egin dute: “Harremanak zelan kudeatuko eta erabakiak zelan hartuko diren erabakitzeko, eta zehazteko erabaki horietan zelan bermatu denen ahotsa entzungo dela. Hori da lehenbiziko gauza. Informazio osoa behar delako, komunikazio gardena, eta eztabaidarako guneak”.
Jende desberdinen interesei begiratu nahi die EH Bilduk: “Herri honetan denak kabitzen gara eta denon artean marraztu behar dugu herria: Merkatari, ostalari, eragileak eta herritarrak”.
Halaber, Gernika-Lumok erronka handiak dituela gogorarazi dute: merkatu berria, liburutegi berria eta eraiki nahi duten “museo erraldoi bat”. Horrek, Gernikaren etorkizuna baldintzatuko duela uste dute, gainera. Horregatik, “zer izango garen eta nondik gatozen ahaztu gabe”, Gernika berria denen artean marraztu behar dela azpimarratu dute ekitaldian. “Etorkizuna oihal zuri bat da, eta kolorez zikindu behar dugu, margoztu. Gutako bakoitza da kolore. Prest gaude desberdinen arteko Gernika bat irudikatzen hasteko, denena den Gernika”.