Jaurlaritzak Ibarrolaren 'Guernica Gernikara' ordaintzeko dirulaguntza onartu du
Bilboko Arte Ederren museoak ARCOren aurtengo edizioan erosi zuen artelana 300.000 eurotan. Museoaren fundazioa osatzen duten hiru erakundeek, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, margolana erosteko bakoitzak 100.000 euroko ezohiko diru laguntza ematea adostu zuten.
Eusko Jaurlaritzak gaurko Gobernu Bileran 100.000 euroko diru laguntza onartu du Agustin Ibarrolaren Guernica Gernikara artelana ordaintzeko.
Bilboko Arte Ederren Museoak joan den urriaren 18an aurkeztu zuen artista bilbotarraren Guernica Gernikara izeneko margolana. Bilboko Arte Ederren Museoak aurtengo ARCOn eskuratu zuen artelana 300.000 euro ordainduta.
Bilboko museoaren fundazioa osatzen duten hiru erakunde publikoek, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, margolana erosteko bakoitzak ezohiko 100.000 euroko dirulaguntza ematea adostu zuten, eta horrela erosi da Ibarrolak 1979an egindako olioa. Artelanaren erosketak euskal ondare artistikoa “berreskuratzen eta hedatzen” laguntzen duela azpimarratu dute.
Guernica Gernikara 200 x 100 zentimetroko mihise gaineko hamar olioz osatutako friso narratibo handi bat da. Picassoren Guernica (1937) inspirazio-puntu sinboliko gisa hartuta sortu zuen obra artistak. Koadroa 1977an lehen aldiz egon zen ikusgai Bilboko Arte Ederren Museoan, baina 1980ko hamarkadaren hasieratik ez zen berriro erakutsi.
Artelana Euskal Herriko historia politiko eta sozialaren garai jakin baten testigantza dela nabarmendu dute erosleek; “pieza aparta, bai bere dimentsioengatik eta baita kalitate tekniko eta narratiboagatik ere, eta margolariaren heldutasun artistikoa nabaria da”. Gainera, Ibarrolaren lanen artean “berezitasun handienetako” obra bat dela esan dute, eta, euskal artearentzat ez ezik, gerraosteko arte espainiarrarentzat ere balio artistiko eta historiko “handia” daukala.