Inma Ruiz hiru urrezko dominagaz bueltatu da Euskadiko Master Txapelketatik
Inma Ruiz bere kategoriako onena izan da Euskadiko Master Txapelketaren hiru modalitatetan. Donostiako Belodromoan lehiatu zuten txapelketa zapatuan [azaroak 6], eta Ruizek 200m-ko, 400m-ko eta 800m-ko probak egin zituen.
200 m-ko lasterketa 36 segundo eta 44 ehunenetan amaitu zuen, 400m-koa minutu bat, 17 segundo eta 91 ehunenetan eta 800m-koa bi minutu, 45 segundo eta 24 ehunenetan. “Nire kategoriako bakarra izan nintzen. 35 urtetik gorako beterano denak elkarrekin aritu ginen, eta proba batean ere ez nintzen azkena izan. Oraingoan ez dut markarik hobetu, baina normala da, izan ere, entrenamenduak krosak lehiatzera bideratzen ari naiz”, azaldu du gernikarrak.
Hain zuzen ere, urriaren 31n, Euskadiko Kros Txapelketa lehiatu zuen Laudion, eta bere kategoriako azkarrena izan zen. Sopelako Munarri taldeko gernikarrak 17 minutu eta 20 segundotan amaitu zuen. “Lasterketa polita egin nuen. Zirkuitua asko gustatu zitzaidan; jaitsiera eta igoerak sigi-sagaka ziren. Master 55etik gorako eta 35 urtetik aurrerako denak elkarrekin irten ginen. Emakumezkoen artean bederatzigarren sailkatu nintzen, eta irten ginen guztien artean hogeigarren. Postu onean amaitu nuen”.
Emakumezkoen sailkapenean, Durango Kirol Taldeko Izaskun Egibar eta Amaia Pico bermeotarrak hamahirugarren eta hamalaugarren postuan geratu ziren, hurrenez hurren. Egibarrek 18 minutu eta 37 segundotan amaitu zuen krosa, eta Picok 18 minutu eta 39 segundotan.