"Gogotsu" datoz sanmartinak Forura
Etzi, santuaren egunean hasi eta domekara arte luzatuko dira sanmartinak Foruan. Domeka izango da egun handia.
Gutxi gutxika bada ere, jaiak bueltatzen ari dira, eta udazkenean sanmartinak tradizioz beteta heltzen dira herri askotara. Hala izaten da Foruan, izan ere, herriko zaindaria da San Martin. Iazko jaien faltan, eta pandemiaren ostean, gainera, “gogotsu” datoz aurten. Santuaren egunean bertan hasiko dituzte ospakizunak eta domekara arte luzatuko dituzte.
Tute, mus eta igel txapelketak ez dira faltako, hala ere, foruarrek faltan botako dituzte herrian ohikoa den karakol txapelketa eta baita ere idi probak.
Domeka izango da egun handia. 19. Nekazal Azokak ortuariak, artisauak eta beste hainbat produkturen erakusketa, salmenta eta dastaketa ekarriko du udalerrira. Aurten, Nekazal Azoka futbol zelaian egingo dutela jakitera eman du Foruko alkate Mikel Magunazelaiak; “ondo prestatuta dago eta espazio nahiko leuna eta zabala dago han”.
Karpa handi bat jarriko dute, eta barruan egongo dira postuak. Aurrekoan baino hiru postu gehiago egongo dira aurten, hain zuzen ere, hemeretzi postu egongo dira, horietako bi foruarrak izango dira: Josefina Agirre baserriko produktuekaz eta Maria Luisa Urrestarazu zeramikagaz. Bizkaiganekoak ere egongo dira, baita ere Baserritik Gernikara ekimeneko ordezkaritza bat ere. Horrez gain, marmelada ekologikoa, kontserbak, telazko panpinak, larruzko poltsak, arropak… aurkitu ahalko dira domekan Foruan. Gainera, Gure Esku Dagoren eta Ibilaldiaren materiala ere .
Bestalde, Sopuertatik iritsiko dira Bizkaiko txakolina eta bermuta, eta Aitor Aurrekoetxearen taloak dastatzeko aukera ere izango dute bertaratutakoek.
“Pandemiaren ostean jendea ilusio handiagaz dago. Nekazari eta artisauak ere gogotsu daude, jaialdi handietan egoteko aukerarik ez dute eduki-eta”, esan du alkateak.
EGITARAUA:
Etzi, eguena, San Martin eguna:
- 12:00. Meza nagusia San Martin de Tours elizan.
Barikua:
- 19:00. XXXII. Tute txapelketa. 18:30ean eman behar da izena Batzoki tabernan.
Zapatua:
- 13:30. XVIII. Igel txapelketa, Batzoki tabernan.
- Ostean, odolosteak Dantzarien Plazan.
- 18:00. XXV. Mus txapelketa. 17:30ean eman behar da izena Batzoki tabernan.
Domeka:
- 11:00-15:00. XIX. Nekazal Azoka, futbol zelaian.
- 12:30. Meza nagusia.
- 13:30. Urdaibai Dantza Taldearen dantza emanaldia.