Iker Badiolak minbiziaren oinarriak aztertzen dituen liburua aurkeztuko du
EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasleak aurkeztuko du bere azken liburua. Lurgozo Urdaibaiko kontsumo ekologikorako elkarteak antolatuta, azaroaren 9an izango da solasaldia, 18:30ean. Herritarrei bertaratzeko deia egin diete.
Iker Badiola EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasleak El Cangrejo de Troya izeneko bere azken liburua aurkeztuko du azaroaren 9an, 18:30ean, Gernika-Lumoko Elai Alai areto txikian.
Lurgozo Urdaibaiko kontsumo ekologikorako elkarteak antolatu du ekimena, eta zehaztu dutenez, Kepa Ruiz Mirazo ariko da moderatzaile lanetan; EHUko Biofisika Institutuko ikertzailea da.
Minbizia zer den, zergatik garatzen den eta nola sendatu daitekeen landuko dute bihar solasaldira bertaratzen direnek, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete: “Minbiziari buruz gauza gehiago modu atseginean jakin ahal izateko aukera ederra da”.
Izan ere, azken urteetan gaixotasunaren diagnostiko eta tratamenduan aurrerapausoak eman diren arren, munduan zortzi milioi pertsona hiltzen dira urtero gaixotasun horren ondorioz. Hala ere, ez dira asko minbiziaren mekanismoei buruz lortutako ondorioak. Horiei buruz idatzi du Badiolak, eta horiek jorratuko ditu hitzaldian: “Bere liburuan gaixotasunaren eraketa eta iraupena ahalbidetzen duten mekanismoak eta haren oinarri zelularra ezagutarazten dizkigu, mutazioak, epigenetika edo metastasia bezalako kontzeptuak ulertzeko”.
Liburuak Ainhoa Caporossiren irudiak gordetzen ditu, minbiziaren zelula- eta molekula- oinarrien zokoak modu erraz eta bisualean ulertzeko. Zehaztu dutenez, erositako liburu bakoitzeko euro bat bideratuko dute minbiziaren aurkako egitasmora.