Gaztelugatxeko Ermu eta Lurgorri arteko bidea itxi du aldundiak, euriteengatik
Egun hauetako euriteen ostean, eta datozen egunetan euriteek bere horretan jarraituko dutela aurreikusita, segurtasun protokoloa ezarri du, "lur jausiak gertatzeko arriskua dagoelako". Eguraldiak hobera egin eta eurite handiak gutxitu arte egongo da itxita sarbidea.
Gaztelugatxen lur jausiak gertatzeko arriskua dagoen egoeretan ezarritako segurtasun protokoloa aktibatu du Bizkaiko Foru Aldundiak, eta Ermu eta Lurgorri arteko sarbidea itxi du. Azaroaren 2tik izandako prezipitazio handien ondorioz –24 ordutan 60 litro pilatu dira, eta astean 113 litro batu dira–, aldi baterako itxiera luzatzea erabaki du foru aldundiak, “eguraldiak hobera egin eta eurite handiak gutxitu arte”.
Gaztelugatxeko mendi hegalaren egoerari buruzko jarraipena egiten du aldundiak, eta segurtasun protokolo horren ondorioz hartu du Ermu eta Lurgorri arteko sarbidea izteko erabakia.
Segurtasun protokoloaren jarraipen hori urtarrilean baselizara sartzeko eskaileren aurreko plataformatik gertuen dagoen eremuan lur jausi handia gertatu zenetik egiten dute. Orain arte, segurtasun protokoloa abian jarri zenetik, ez da azken egunotakoak bezalako prezipitazio handirik izan.