Azaroaren 19ra arte parte hartu daiteke argazki lehiaketan
Muxika, Ibarruri eta Gorozikako argazki lehiaketa martxan dago. 2022ko egutegia osatzeko aurtengo gaia librea da, baina, udalerrian ateratako argazkiak izan beharko dira.
Muxika, Ibarruri eta Gorozikako argazki lehiaketa martxan dago. 2022ko egutegia osatzeko aurtengo gaia librea da, baina, udalerrian ateratako argazkiak izan beharko dira. Parte hartzaileek azaroaren 19ra arte aurkeztu ahalko dituzte argazkiak.
Parte hartzaileak bi kategoriatan banatuko dituzte: 16 urtera artekoak eta 16 urtetik gorakoak. Bakoitzak gehienez sei argazki aurkeztu ahalko ditu, edozein teknika eta koloretan. Hala ere, JPG formatuan eta ahalik eta kalitate handienean aurkezteko eskatu dute.
Parte hartu gura dutenek Zubieta Errotako liburutegian utzi beharko dituzte argazkiak, USB batean eroanda, edota liburutegia.muxika@bizkaia.org helbide elektronikora bidali beharko dituzte. Argazkiak aurkezterakoan, egilearen izen-abizenak eta harremanetarako datuekin batera, argazki bakoitzaren azpian noiz eta non ateratakoa den zehaztu beharko da.
Sariak. Argazki lehiaketaren sariak kategorien araberakoak izango dira. Nagusien lehiaketan hiru sari banatuko dituzte: lehiaketako argazki onena, lehiaketako bilduma onena eta muxikarren argazki onena. Irabazleek Remenetxe jatetxean bi lagunentzako bazkaria edo afaria irabaziko dute.
Gaztetxoen artean, berriz, argazki onenaren sari bakarra banatuko dute, eta, irabazleak argazkilaritzako materiala erosteko 100 euroko txartela eskuratuko du.
Zehaztu dutenez, jasoko dituzten argazkiak Muxikako argazki artxiboaren parte izango dira: “Lehiaketara aurkeztutako lanak Muxikako Udalaren eskuetan geratuko dira, eta berak izango ditu eskubide guztiak, beti ere, egilearen izen-abizenak aipatuz”. Izan ere, horiekin osatuko da 2022ko egutegia, egilearen izena eta abizenak aipatuz. Argazki guztiekin, gainera, erakusketa jarriko dute Zubieta Errotako aretoan.