Zinemaren magia historiaz beteriko jauregi zaharrera iritsi da
Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoa filmaketa set bihurtu du MusEkintza jaialdiak. Bisitariak film labur bateko aktoreak izan dira egun batez.
Bizkaiko museoak arte diziplina ezberdinetako agertoki bihurtzeko asmoa dauka MusEkintza Jaialdiak, eta, filmatzeko eszenatokia izan da egun batez Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoa; ekimenaren bigarren esperientzia artistikoa izan da udalerrian zapatuan burututakoa, lehenengoa Muskizko Muñatones Gazteluan egin baitzuten irailean.
Hori horrela, egun batez, museoko bisitariak aktoreak izan dira, eta museoaz beste era batera gozatu ahal izan dute. Izan ere, film labur bat egiteko prozesuan zuzenean parte hartu zuten, Gernikako bonbardaketan zeudela antzeztuz: grabazioaren dekoratua eraiki zuten museoko areto batean, hori bulego bihurtuz, eta, bertan Gernikako bonbardaketatik bertan babesten zirela antzeztu zuten aktoreek. Protagonista nagusiak Diego Perez, Elena Saenz eta Carlota Fernandez izan ziren, eta, bisitariek, figurante lanak egin zituzten.
Kamerek, argiek, zuzendariak, konboak, mikrofonoek… Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskal Herria Museoan bizitako esperientzia laburbiltzen dute. Bilboko Sormen Zinematografikoko Eskolak zuzendu zuen ekintza, eta Amara Mosteiro zuzendariaren gidaritzapean aritu ziren bertaratutakoak.
10 ikuskizun. Guztira, MusEkintza jaialdiak 10 ikuskizun eskainiko ditu, hilabete bakoitzeko azken larunbatetan eta ekainaren 11n eta 24an. Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoa, Bermeoko Arrantzaleen Museoa, Balmasedako La Encartada Fabrika Museoa, Muskizko El Pobal burdinola eta Muñatones Gaztelua, Bakioko Txakolingunea eta Bilboko Arkeologi Museoa dira jaialdiaren parte.
Arrantzaleen museoak inprobisazio ilustratuen ikuskizuna esakiniko du, Leire Llanoren eskutik. 2022ko urtarrilaren 29an izango da. Jaialdia ekainaren 24an bueltatuko da Gernikara. Zentzumenen Akelarrea izango da Euskal Herria Museoak eskainiko duen bigarren esperientzia. Izaskun Barroso aktore eta zuzendariak antzerki-esperientzia bat proposatu du egun horretarako.
Horietan, hainbat arte diziplinetako ikuskizunak eskainiko dira. Eta horretarako, berariazko argiztapena eta dekorazio proiekzioak prestatu dira espazio bakoitzerako: “Argiztapena eta bideo- eta soinu-proiekzio mapeatuak dituen girotzea sortuko da museo bakoitzean egiten den ekitaldi artistikoaren esperientzia indartzeko”, adierazi dute antolatzaileek.
Jaialdiko ekitaldietara joateko aldez aurretik egin beharko da erreserba, ekitaldia egingo den museoan edo gunean.