Javi Goitia txapeldunorde geratu da Espainiako Duatloi Kros txapelketan
Espainiako duatloi kros txapelketan "gustora" aritu zen, baina "lasterketa gogorra" izan zela dio Goitiak. Zornotzako Aramotz Mendi Lasterketa lehenengoz lehiatu eta irabazi egin zuen domekan.
Emaitza bikainak lortu ditu Javi Goitia gernikarrak asteburuan. Espainiako Duatloi Kros txapelketan bigarrena izan zen zapatuan, eta Zornotzako Aramotz Mendi Lasterketa irabazi zuen atzo.
Caceresen lehiatu zuen Goitiak Espainiako Duatloi Krosa, eta podiumaren bigarren postura igotzea lortu zuen. Ordubete, 18 minutu eta 34 segundoko denboragaz amaitu zuen txapelketa, Ruben Velazquezen atzetik; txapeldunak gernikarrak baino 13 segundo gutxiago behar izan zituen proba amaitzeko. Hirugarren postuan Roberto Mohedano sailkatu zen, kronometroa ordubete, 18 minutu eta 42 segundotan geldituz.
Hasieratik aurreko taldean egon zen Goitia. Lasterketaren lehenengo tartean sei kideko taldea sortu zen, eta lurraren gogortasuna aprobetxatuta, talde horretakoei ere aurre hartu zien Goitiak. Hori horrela, bizikletaz egin beharreko tarte ia guztian liderra izan zen gernikarra. Izan ere, tarte hori amaitzeko kilometro bat eskas geratzen zitzaionean harrapatu zuten. “Hasieratik aurreko postuetan egon nintzen, eta bizikletako ia tarte guztia bakarrik egin nuen lehenengo postuan. Irabazle sentitzen nintzen. Baina azkenengo momentuan talde batek harrapatu ninduen, eta korrikako bigarren tartea lauzpabost kideko taldean egin behar izan nuen”. Amaierako lasterketako tartean Velazquezek gainditu zuen, eta bigarren postuan gurutzatu zuen helmuga gernikarrak.
Korrikako lehenengo tartean aritu zen ondoen Goitia, eta bizikletako tartean “indarra falta” izan zitzaion: “Postu aldetik bizikletan joan nintzen lehenengo, baina indarra falta izan zitzaidan postu hori mantentzeko. Bizikletako tartea luzea eta gogorra egin zitzaidan”.
“Gustora” aritu zen, baina “lasterketa gogorra” izan zela dio, nahiko ibilbide azkarra eta laua zelako, baina euriak lehia gogortu zuelako. “Euriak baldintzatutako lasterketa izan zen. Ibilbide azkarra zen, baina lokatzez beteta zegoenez, apur bat teknikoagoa izan zen. Hala ere, ez zen Euskal Herrian izango zen bezain teknikoa izan. Izan ere, Espainiako Txapelketak oso lauak eta errazak izaten dira, eta asfaltoan dabilen jendea oso azkar ibiltzen da. Aurten, euriagaz, zailtasun gehiago egon da”, azaldu du Goitiak.
Baldintza horiek ikusita, podiumerako lehian egotea espero zuen. “Espero nuen, baina ez da erraza izaten. Espainiako txapelketetan segundo gutxitan jende asko helmugaratzen da, eta, akats txiki batek bosgarren postutik zortzigarrenera eramaten zaitu. Minutu bateko tartean hamar pertsonak edo gehiagok amaitzen dute proba”, adierazi du.
Domekan, garaile. Zapatuan Caceresen lehiatu eta gero, Zornotzan aritu zen atzo Goitia, eta Aramotz mendi lasterketa irabazi zuen. Ordubete, 28 minutu eta 51 segundotan amaitu zuen lasterketa, eta haren atzetik, bi minututara, sailkatu ziren Jokin Etxabe eta Ekaitz Lejarzegi ajangiztarra; ordubete, 30 minutu eta 29 segundo eta ordubete, 30 minutu eta 32 segundotara helmugaratu ziren hurrenez hurren.
400 parte hartzailek parte hartu zuten mendi lasterketan, lehenengoz lehiatu zuen Goitiak: “Ondo heldu nintzen, eta gustura lehiatu nuen. Lasterketa gogorra eta polita izan zen. Ez nuen ezagutzen eta gustora aritu nintzen. Astuna egin zitzaidan ibilbidea, espero baino gogorragoa”.