"Irudiak azaltzen duena ez da garrantzitsua, irudia euskarriaren barruan zelan sortu den azaltzea baino"
‘Impr Pant’ izeneko erakusketa jarri du Astorkiak Astran. Espazioarekin jolasean kokatutako sei piezekin irudiak zelan sortzen diren adierazi gura du Berrizko artistak.
Argiaren materialtasuna eta irudiek euskarri fisikoagaz duten hartu-emana uztartzen ditu Jugatx Astorkiak bere lehen bakarkako proiektuan. Irudiaren izaera ezagutu gura du, eta hori transmititu gura die ikusleei, irudiaren “fisikotasuna zalantzan” jarriz. Azaroaren 28ra arte egongo da ikusgai erakusketa.
Impr Pant izeneko erakusketa jarri duzu Astran. Zer ikusiko dute kulturarako fabrika sozialera bertaratzen direnek?
Argazkilaritzatik datozen kontzeptuekin lan eginda, baina, argazki erreferentzial batetik aldenduta sortutako eta espazioan jarritako sei instalazio ikusiko dituzte Astrara datozenek. Obra oso abstraktua da, eta piezak oso handiak direnez, kolore masa desberdinak ikusiko dituzte.
Zerk inspiratu zaitu argiagaz eta irudiek euskarri fisikoagaz duten erlazioari buruzko erakusketa egitera?
Pantaila bat zer den, zelan lan egiten duen eta zelan eraldatzen duen irudia erakutsi gura izan dut. Irudiaren izaera ezagutu gura izan dut. Hau da, pantaila baten barruan dagoen irudia zelakoa den jakin nahi izan dut, eta hori euskarritik ateratzerakoan –karrete bat errebelatzerakoan, esaterako– irudietan zer nolako eraldaketak sortzen dituen jaso gura izan dut. Hortik dator kontzeptua, irudiaren izaera aztertzea da asmoa.
Irudiaren atzean dagoena eta ikusten ez duguna azaleratu gura izan duzu, beraz.
Irudiak azaltzen duena ez da garrantzitsua, irudia euskarriaren barruan zelan sortu den azaltzea baino: bai kamararen barruan, pantailetan, karreteetan… Ezkutuan dagoen zerbait da, eta pantailen barruan dagoen prozesu hori pantailatik atera gura izan dut, bistaratu.
Argiarekin jokatu duzu horretarako.
Argia oso garrantzitsua da nire lanean. Argia obra plastiko bezala erakustea da erakusketagaz bilatu dudan helburuetako bat. Astrako eraikina erakutsi zidatenean asko poztu nintzen, argi piloa eta leiho asko dituelako. Horregaz jolastu gura izan dut, olanak leihoen aurrean kokatuz.
Sorkuntza prozesu horretan, argiak besteko garrantzia dauka espazioak?
Piezak oso handiak eta malguak dira, eta espazioaren arabera egokitzen ditut. Ez ditut behar erakusketetan egon ohi diren horma zuriak. Espazioa erabiltzen dut piezak kokatzeko.
Astra espazio berezia da, kultura sustatzea helburu duena. Zelan jaso zenuen bertan zure lana erakusteko aukera?
Astrakoen deia jaso nuenean oso une berezia izan zen, oso emozionantea. Behin baino gehiagotan egon naiz bertan, eta etxean bezala sentitzen naiz. Leku hurbila da, gertutasuna transmititzen didana.
Zein material erabili dituzu erakusketarako?
Karreteen filmak, material fotosentikorrak, kamera digitalak, pantailen barruan dauden laminak… Irudiak sortzen dituzten euskarri guztietako material guztiak erabiltzen ditut.
Zure lehenengo erakusketa da?
Proiektu honekin egiten dudan laugarren erakusketa da. Urte osoko tourra egin dut espazio oso desberdinetatik: Gasteizko Montehermoso kulturgunean egon da, baita Zornotzako Zelaieta Aretoan eta Kordobako Doña Mencia herrian ere.
Proiektua bakarka egin duzun lehena da?
Beste hainbat proiekturekin erakusketa kolektiboetan parte hartu dut. Hau da bakarka erakusten dudan lehen proiektua. Bertigoa sentitu nuen hasieran, baina aukera ederra zela pentsatu nuen eta animatu nintzen. Astraz gain, beste leku batzuetan ere erakusteko asmoa daukat.
Beste proiektu bat ba al daukazu esku artean?
Proiektu honekin erlazioa daukan beste proiektu bategaz hasiko naiz orain. Beste material batzuekin probatzen, beste euskarri mota batzuk aukeratzen… jarraipena emango diot lan honi.
Ze desberdintasun dago Astran dagoen erakusketaren eta proiektu berriaren artean?
Oraingo honetan irudian fijatu naiz, eta hurrengo lanean pixelari emango diot garrantzia. Irudiak sortzeko behar diren laukiak dira pixelak, eta antzekotasun asko daude euskarri analogikoko pikorren eta digitaleko pixelen artean. Hibridazio hori landuko dut.