Urdaibai Kantaguneak kaleak hartuko ditu berriro
Urte eta erdiko isiltasunaren ostean, Gernika-Lumoko Urdaibai Kantagunekoak kalera aterako dira berriro. Zapatuan, 13:00etan hasita, Ciutat de Berga kaleko biribilgunean abestuko dute.
“Segurtasun neurri guztiak kontuan hartuta, emozioz eta ilusioz beteta, behin baino gehiagotan gure herriko kaleetan zehar abestu ditugun abesti herrikoiak kantatuko ditugu berriro”, adierazi dute taldekideek. Beste hainbatetan egindako kalejirarik ezingo dute egin, eta maskara jantzita abestu beharko dute, baina gogotsu daude: “Gure ahotsen oihartzunak maskaren azpian entzungo dira, gure musikarien doinuen konpasean”.
Herritarrak animatu dituzte entzutera.