Bizikletak garbitzeko hiru gune jarriko dituzte Gernika-Lumon
Lehenengoa Lorategieta eta Aita Luis Villasante artean kokatu dute gaur. Bigarrena Santa Luziako parkean jarriko dute datorren astean, eta hirugarrena azaroaren 10ean kokatuko dute Tiloetan.
Bizikletak garbitzeko hiru gune izango ditu aurrerantzean Gernika-Lumok: Lorategieta eta Aita Luis Villasante artean bat, Santa Luziako parkean beste bat eta Tiloetako pasealekuan hirugarrena; lehenengo biak Gernika-Lumoko Udalak jarriko ditu, eta hirugarrena Bizkaiko Foru Aldundiarena izango da. Tiloetakoak tailerra ere izango du eta azaroaren 1oean jarriko dute.
Lorategieta eta Aita Luis Villasante artekoa jarrita dago dagoeneko eta Santa Luziakoa datorren astean jartzea aurreikusi du udalak. Garbigune bakoitzak 3.686 euroko balioa dauka, eta hurrengo elementuek osatzen dute: bi erratz txikik, tutu malgu batek eta bizikletarentzako euskarri batek.
Behin bizikletak garbitzeko guneak erosita, horiek tokian tokira egokitzeko obra zibila egin behar izan du udalak: ura hartzeko hodia eta saneamendu sareko hodiak egokitu eta zorua sendotu. “Bizikletak garbitzeko gune horiek komun publikoen ondoan jarri ditugu, eta obra zibila ia eginda eduki dugu; uraren saneamendurako hodiak egokituta egon dira. Izan ere txirrinduak garbitzeko gune horiek jartzeko asmoa geneukan komunak egin genituenean, eta obra hori aprobetxatu genuen”, azaldu du alkateak.
Bizikletak garbitzeko zerbitzu berriagaz, “orain arte udalerrian egon ez den beste zerbitzu berri bat” eskaini gura izan die udalak herritarrei. “Orain arte etxeetan edota autoak garbitzeko guneetan garbitu behar izan zituzten txirrindulariek euren bizikletak. Orain, baina doan garbitu ahalko dituzte”. Bide batez, bizikletaren erabilera sustatzea ere bilatu gura du udalak.
Erabilera egokia egiteko eta zerbitzua zaintzeko eskatu die alkateak herritarrei.