'Guernica' koadroan eta Gernikaren memorian sakonduko dute
''Guernica', Gernika eta Memoria Bizia. Errautsetatik sortutako argi berria. Euskal historiatik mundu zabalera' izeneko jardunaldiak azaroaren 13an eta 14an izango dira. Guernica artelanaren eta Gernika memoriaren lekuaren arteko loturak zein bakoitzaren zentzu eta esanahiak aztertuko dituzte. Parte hartzeko izena eman behar da.
Aurten 40 urte bete dira Guernica margolanak Espainiara bidaiatu zuenetik. Margolanaren atzean askotariko izen eta toki sinbolikoen esanahiak aurki daitezke: alde batetik, odola, samina, suntsipena eta zapalkuntza daude; bestetik, tinkotasuna, duintasuna, memoria eta askatasunerako bidea. Urtemugaren harira, Picassoren lanaren eta Gernika-Lumoren arteko loturak lantzeko jardunaldiak antolatu dituzte Gernika Batzordeak, Nabarralde Fundazioak eta Gernika Memoriaren Lekuko plataformak. Horietan parte hartzeko aurretiaz izena eman beharko da.
‘Guernica’, Gernika eta Memoria Bizia. Errautsetatik sortutako argi berria. Euskal historiatik mundu zabalera izeneko jardunaldiak azaroaren 13an eta 14an egingo dituzte Elai Alai aretoan eta Astran: “Guernica artelanaren, ikonoaren, irudi sinbolikoaren eta Gernika memoriaren lekuaren arteko loturak zein bakoitzaren zentzu eta esanahiak aztertuko ditugu jardunaldietan, horietan sakontzeko asmoagaz”.
Guernica Gernikara aldarrikapenean ere sakonduko dute, hori berraztertuz. “Jardunaldietan ez dugu bakarrik iraganera begirako memoria eta historia ariketa bat bakarrik egingo. Gure aldarrikapena mahaigaineratuko dugu, eta hori bultzatzeko urte luzez egin diren ekimen kultural, politiko zein artistikokoak gogoratuko ditugu. Izan ere, hainbat izan dira aldarrikapenak izan dituen formak”, zehaztu dute Gernika Memoriaren Lekuko plataformakoek.
Nabarralde Fundazioko kideek urteak daramatzate memoriaren gaia jorratzen, eta hori lantzeko tresnarik egokiena Memoria Lekuen kontzeptua dela diote: “Oso tresna egokia da. Normalean historia estatuen eta boteretsuen iraganeko bertsioa izaten da. Boterean egon ez garenok, berriz, ez daukagu horretarako tresnarik. Memoriaren Lekuaren kontzeptuak, baina, historiara gerturatzen ditu herritarrak; lekuen eta herritarren memoriaren aztarnak edo erreferentziak jasotzen ditu. Memoriaren Lekuak historiaren eszenatokiak dira. Jendeak horietan kokatzen du bere esperientzia, emozioa…”. Historia oso objektiboa da Nabarraldekoentzat, “oso zientifikoa eta akademikoa”, eta, memoria, berriz, askoz subjektiboagoa, “herritarrentzako hurbilagoa”. Hain zuzen ere, memoriaren kontzeptu abstrakto hori da jardunaldietan landuko dutena.
Gernikara bertaratzea plazerra da fundaziokoentzat. “Gernika da memoriaren leku garbiena, paradigmatikoena. Euskaldunentzat Gernika erreferentzia garbi bat da, mundu mailan ezaguna eta munduan euskaldunoi kokatzen gaituena. Gure identitateagaz lotura daukana. Ze esanahia daukan aztertuz gero, gure iraganarekin, kulturarekin, kultura politikoarekin, gure askatasunekin zein gure kontrako erasoekin erlazionatu dezakegu. Esanahi asko batzen ditu. Oso toki esanguratsua eta maitagarria da”.
Jardunaldiok guztiontzat aberasgarriak izatea espero dute antolatzaileek, eta, batez ere, herriaren eta memoria historiko zein kolektiboaren aldarrikapena indartzen laguntzea: “Gerraren zitaltasunaren leku izandako herri honek armarri modura hain beharrezko duen Guernica artelanari azken bidaia egitea falta zaiola esan gura dugu, eta noizbait, gure ahotsen indarrez, 420 km-ko bide hori egitea espero dugu, gure artera iritsi arte”.
Egitaraua:
Azaroak 13, zapatua.
09:00. Harrera, akreditazioak eta materialaren banaketa Elai Alai aretoan.
09:30-10:15. Karmelo Landa: ‘Guernicaren’ azken aurreko bidaia.
10:15-10:45. Angel Rekalde: Memoria: lekuak lekuko.
10:45-11:15. Beñi Agirre: Gernika, memoriaren lekua.
11:15-11:30. ‘Guernica’ eta Guernicak: mundu mailako ibilbidea.
- (Atzerritik bidalitako bideo laburrrak)
– Basque Children of ’37 (Erresua Batua)
– Berlingo Euskal Etxea
– Amaia Uribe (New York)
– Noam Chomsky
– Euskadiren Estatu Batuetako Ordezkaritza (New York)
– Mikel Aiestaran (Jerusalem) eta Ane Irazabal (Berlin)
– Museo Picasso Malaga
Atsedenaldia.
12:00-12:30. Xabier Irujo: Genozidio Euskal Herrian.
12:30-13:00. Felicitas Lorenzo: Tras los pasos de Pablo Picasso.
13:00-13:30. Oteiza Museoa: ‘Guernica’: koadroaren analisia Oteizaren ikuspegitik.
13:30-14:00. Gernika Memoriaren Lekuko Plataforma: 420km: ‘Guernica’ Gernikara.
14:30-16:30. Bazkaria Astran.
16:30-17:30. Mahai-ingurua hizlari guztiekin Astran.
17:30-18:00. Kongresuaren amaiera eta oroigarriaren banaketa.
18:00-19:00. Bisita gidatua Astrara eta babeslekura.
Azaroak 14, domeka.
10:00-12:30. Muruetara ibilaldia Iratxe Arriolagaz.
13:00-14:30. Urdaibai Bird Centerrera bisita.