Ezkutuko istorioez eraikitako kontakizuna
Irati Jimenezek 'Ogia eta zirkua' saiakera idatzi du, Harkaitz Canoren 'Neguko zirkua' liburuan oinarrituta. Miguel Unamuno saria irabazi zuen iaz, eta orain Erein argitaletxeak plazaratu du.
Uharte sekretu batean edo loriazko hiriren batean dagoen altxorraren bila doazen abentureroen espiritu euforikoagaz idatzi du Irati Jimenez idazle mundakarrak saiakera berria: Ogia eta zirkua. Literaturaren lurraldeetan barrena, Harkaitz Canoren Neguko Zirkua narrazio bilduman oinarrituta dagoen ezkutuko eleberria bilatu du. Hain zuzen ere, intrigazko nobela baten modura proposatutako analisi literarioa da. Miguel Unamuno saria irabazi zuen iaz, eta orain Erein argitaletxeak plazaratu du.
Hiru ataletan banatzen da saiakera. Neguko zirkua ulertzeko gako nagusiak ematen ditu lehenengo, eta horren azterketa egiten du gero, ipuinez ipuin eta sinboloz sinbolo. Azken atalean Canori egindako elkarrizketa luze bat jaso du Jimenezek.
Canok idatzitako hamarnaka ipuinen artean genero eta formatu ezberdinetako narraziorik onenak bildu zituen Jimenezek Mekanografiak izeneko antologian. Horretarako, besteren artean, Neguko zirkua berrirakurri zuen, eta narrazio bilduma horretan ageri ziren elementuak gogoratu zituen pandemia aurreko gau batean: “Gauez izan zen. Ez ametsetan, baina ia. Harkaitzen Neguko zirkua osatzen zuten ipuinei buruzko informazio guztia buruan neukan. Halako batean, ohean nengoela, ezerezetik sortzen diren ideia horietako bat izan nuen. Objektu bat etorri zitzaidan gogora: eskularru bat. Harkaitzen liburuko lehen ipuinean eskularru batzuk agertzen dira. Eta ondoren otu zitzaidan azken ipuinean badagoela pertsona bat eskuburdinekin lotuta dagoena. Ideia solte horiek telefonoan apuntatu nituen, eta lo egiten saiatu nintzen. Baina ideiek ez zuten etenik, eta hiru orduz idazten aritu nintzen”.
Neguko zirkua irakurtzean, ipuin liburu batean “arraroa” den gauza bat gertatzen dela uste du Jimenezek. “Ipuin bat amaitzean, eta jakin arren ipuin bakoitza autonomoa dela, nobeletan izaten den irrika daukazu; hurrengo ipuina irakurri nahi izango duzu, zer pasatzen den jakin gura duzu. Absurdoa da, ipuina bukatu egin delako, baina sentipen horrek liburuaren amaieraraino irauten du”, adierazi du Jimenezek. Eta horri buruzko hipotesi bat eraiki zuen.
Canoren liburuko ipuin bakoitzak kontatzen duen istorioaren atzean beste istorio bat egon zitekeela pentsatu zuen Jimenezek, eta hori landu du. “Ipuin bakoitzaren kontakizunetik aparte, badago gertatzen ari den beste zerbait. Eta hori dena protagonista berari gertatzen zaiola otu zitzaidan, nahiz eta protagonista ikusezin bat izan. Ipuin batetik bestera protagonista horrek egiten duen bidaia eta bizi dituen abenturak jaso ditut. Bidaia horretan protagonista transformatu egiten da, bere bizitzako erabaki garrantzitsuak hartzeko, literaturagaz bereziki zerikusia dutenak”, kontatu du Jimenezek. Hala ere, ez zuen ideia hori berehala idatzi, “denborarik ez zeukalako”. Pandemia garaiko itxialdian, baina, denbora izan zuen ipuinak berrirakurtzeko eta egunez egun haietako bati buruz idatzeko.
Liluragarria iruditu zitzaion ideia, eta liluratuta idatzi duela aitortu du idazle mundakarrak. Ipuinetan zenbat eta gehiago sakondu, “orduan eta mundu zabalago bat” zegoela iruditzen zitzaion Jimenezi. “Altxorraren bila zoazeneko gela sekretu bat zabaldu zitzaidan, eta gela horren barruan beste bat, eta gero beste bat”.
Abentura liburu bat idatzi du eta, azaldu duenez, “liburua zabaltzea zen bilatzen nuena. Erabaki konzienteak ondo hartuta daudenean gertatzen den literaturaren zeremonia magikoa topatu nuen, ze, idaztea erabakiak hartzea da, jakin egin behar da ze iritzi jarri bestearen atzean. Bestela ez da literatura. Nahiko argi ikusten nuen sinbolo batzuen artean zer egon zitekeen. Baina beste batzuek asko harritu ninduten, aspektu geografikoak esaterako: gora edo behera, ezkerrera edo eskuinera, pertsonaiak nola mugitzen diren. Zoragarria da horrek zer garrantzi duen Harkaitzen literaturan”.
Ogia eta zirkua saiakeran idatzitakoei buruz Canoren iritziaren kezkarik barik idatzi du Jimenezek. “Uste dut idazleak konpromisoa hartu behar duela irakurleen inteligentziarekin, euren askatasunarekin eta burujabetasun eskubidearekin”. Irakurlearen sentipenetik idatzi du liburua, uste duelako hori dela analisiak egiteko dagoen tresnarik eraginkorrena: “Hori da Neguko zirkua liburuagaz egin nuena. Baina liburu hau luzeagoa da, hari buruzko liburu bat izanda. Eta luzatu ahalko nuke. Eta idatzi ostean, tresnak martxan jarraitu du. Balio izan dit Harkaitzen literaturaren elementu komunak aurkitzeko. Eta, bereziki, balio izan dit literaturarekin maitemintzeko, berriz”.
Canoren berbak gogoratu ditu idazleak: “Harkaitzek esaten duen bezala, nik ez dakit literatura izan daitekeen hiltzera doan pertsona baten aluzinazio definitiboa, baina hori ez bada ideia literario zoragarri bat, esango didazue”.
Sormen lan batetik, beste bat.
Ogia eta zirkua saiakera irakurtzea pozgarria izan da Canorentzat, oraingoan “balizko irakurle inteligentea” ez delako balizkoa izan, Jimenez baino. Eta sormen lan bati gerta dakiokeen gauzarik onena horretatik beste sormen lan bat sortzea dela dio, “eta ez eratortzea. Iratirena disekziorik gabeko analisia da; atxiloturik gabeko polizia ikerketa dibertigarri bat da, arrantzatu ondoren libre utzitako amuarrain baten istorioa”.
Canok dio mundakarrak bere lanean libre utzitako tarte hutsak harrapatu dituela, eta hari-horri tiraka, egitura osoa duen narrazioa sortu duela. “Liburu guztien atzean badaude idatzi gabeko liburu bat edo bi, eta Neguko zirkuak lanak izan duen zortea da Iratik azaleratu egin duela ezkutuan zegoen liburu horietako bat. Liburu bat azaldu beharrean, zabaldu egin du. Norbaitek bidegurutzean utzitako bazter horietan barrena dabil Irati”.
Uxue Razkin Erein argitaletxeko editoreak Jimenezen analisia “lan konplexua, ausarta eta inteligentea” dela azpimarratu du: “Bere estilo propioagaz, gai izan da narrazio multzo baten hausnarketa historio bihurtzeko. Saiakera bera da kontakizuna. Badauka intriga, abentura, eta planteatzen duen tesia oso zentzuzkoa da”.