Euskal Herriko Eskolarteko finala lehiatu du Arrizabalagak
Itzuli da Euskal Herriko Eskolartekoa bertso plazara. Haira Aizpurua Ibargaraik jantzi du txapela eta Maddi Agirre Epelde izan da txapeldunordea. Janire Arrizabala gernikarra ere igo zen oholtzara, baina ezin izan zuen irabazi.
Haira Aizpurua Ibargaraik jantzi zuen atzo Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketaren txapela, eta, Maddi Agirre Epelde izan zen txapeldunordea.
Abadiñoko probalekuak hartu zuen finala, eta lurraldez lurralde egindako saioetatik sailkatutako euskal lurralde osoko 11 bertsolari gazte elkartu ziren oholtza gainean, tartean Janire Arrizabalaga gernikarra. Beragaz eta Aizpurua eta Agirrez gain, Aetz Etxart, Beñat Astiz, Ekain Tolaretxipi, Eki Mateorena, Eukene de los Aires, June Diaz, Naia Arrizabalaga eta Oneka Arteaga aritu ziren bertsotan. Haiei zalearen aulkitik hauspoa ematen, handik eta hemendik Abadiñora joandako 230 lagun inguru aritu ziren.
Xabier Irakulisek gidatu zuen saioa. Hasierako agurra eginda, hura ere puntuagarria, bina bertso bota zituzten zortziko handian eta txikian. Ariketa horietan puntu gehien jaso zituzten sei parte hartzaileak igaro ziren hurrengo fasera; gernikarra ez zen sei onenen artean sailkatu. Hain zuzen ere, Astizek, Tolaretxipik, Aizpuruak, Agirrek, Arrizabalagak eta Arteagak jaso zituzten boto gehien. Bakarka aritu ziren sei bertsolariak orduan: puntua emanda lehenengo, eta gaiarekin gero. Hala, 2021eko txapela jantzi zion Igor Elortzak Aizpuruari. Txapelketatik harago, plazan kantuan jarraitzeko deia eginez bota zuen agurreko bertsoa irabazleak, eta anaiari eskaini zion txapela: “Ametsetako txapel eder hau eskaintzen diot anairi, sortu denetik nire bizitza alaitu duenari”.
Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute Eskolarteko Bat-Bateko Bertsolari Txapelketa. Gazteei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematea du helburu, eta baita haurrak eta gazteak entzulearen aulkitik zaletzea ere.