Bertso saio "bikaina"
Beste urte batez, Astelehen Bezperako Bertso Saioak Gernika-Lumoko Lizeo Antzokia jendez bete zuen, eta bertsozaleen gozamenerako leku bilkatu zen.
Urriko Azken Asteleheneko merkatu handirik ez dago gaur, baina bezperako bertso saioaz gozatzeko aukera izan zuten atzo herritarrek. Beste urte batez, Astelehen Bezperako Bertso Saioak Gernika-Lumoko Lizeo Antzokia jendez bete zuen, eta bertsozaleen gozamenerako leku bilkatu zen.
Onintza Enbeita, Xabat Galletebeitia, Etxahun Lekue, Unai Iturriaga, Miren Amuriza eta Andoni Egañaizan ziren lehen mailako protagonistak, eta zaleen erantzuna eskertu zuten.
Izan ere, bikain erantzun zuten herritarrek. “Edukiera mugak kendu dituzte, eta ez genekien jendeak zelan erantzungo zuen, baina harrera oso ona izan zen”, azaldu du Ander Elortegi Lilibertsoko kideak. 270 sarrera saldu zituztela adierazi du, antzokia ia betez, eta bertaratutakoen “berotasuna” bertsolariek igarri zutela nabarmendu du: “Oso pozgarria izan zen jendearen erantzuna. Igarri zen bertsoez gozatzeko gogoa zegoela, eta bertsolariek ere lagundu zuten; izan ere, bi orduz saio bikaina eskaini zuten”.
Egonkortutako saioa da urriko azken astelehenaren bezperakoa, eta hori poztekoa dela dio Elortegik: “Inguruetako herritarrek espero duten saioa da, egonkortu dena, eta horrela mantenduko dugu. Lehen mailako bertsolariak herrira bertaratzeak ere erakartzen du jendea”.