Etxebarriazarraga eta Gezuraga, azken puntuazioaren zain
Gernikarrak atzoko sailkapenean hirugarren eta laugarren egin zuten
Mungiako Olalde aretoan jokatu zuten atzo Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren laugarren kanporaketa. Gogotsu aritu ziren bertsolariak, eta Oihana Bartra nagusitu zen denen artean (479 puntu). Aitor Etxebarriazarraga eta Koldo Gezuraga gernikarrak hirugarren eta laugarren sailkatu ziren, hurrenez hurren. 472 puntu bildu zituen Etxebarraizarragak eta 460 Gezuragak. Aissa Intxausti lekeitiarra bosgarren sailkatu zen, 427,5 puntugaz. Gai jartzaile lanetan Igor Menika Bengoetxea aritu zen.
Zortziko txikian eta puntu-erantzunetan fin ibili zen Etxebarriazarraga, puntuaziorik altuena lortuz. Gezuraga, aldiz, hamarreko txikian nabarmendu zen.
Bartra finalaurrekoetarako sailkatu da, beraz; besteek, puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera. Finala abenduaren 18an jokatuko da, Bilbon.