Liburutegien helburu eta zerbitzuak ezagutzeko bisitak antolatu dituzte
Datorren astetik aurrera, 'Liburutegia Ezagutzen' izeneko bisita gidatuen bitartez, liburutegiaren zerbitzuak ezagutzeko eta XXI.mendeko liburutegi batek zelakoa izan behar duen aztertzeko aukera izango dute herritarrek.
Liburutegien Nazioarteko Eguna da urriaren 25a. Toki isil, aspergarri eta bakartia dela uste dute batzuek, eta ideia horretatik aldentzeko eta liburutegiek eskaintzen dituzten zerbitzu guztiak ezagutarazteko bisita gidatuak eskainiko du Gernika-Lumoko Liburutegiak. Datorren astetik aurrera, Liburutegia Ezagutzen izeneko bisita gidatuen bitartez, liburutegiaren zerbitzuak ezagutzeko aukera eta XXI.mendeko liburutegi batek zelakoa izan behar duen aztertzeko aukera izango dute saioetara bertaratzen direnek.
50 minutuko bisitak izango dira, gida batez lagundutakoak, eta martitzen eta eguenetan eskainiko dituzte; lehenengo saioa 10:00etan hasiko da, eta bigarrena 11:10etan. Horietan parte hartzeko, beharrezkoa da hurrengo lotura honetan izena ematea: eskaera inprimakia.
Saioetan liburutegian mugitzen, argitalpenak eta informazioa bilatzen, bazkide txartela eskuratzen eta liburutegien arteko maileguak egiten ikasiko dute bertaratzen direnek. Zehaztu dute saio ludikoak izango direla.
“Liburutegi berriak biltzeko tokiak dira, ezagutza partekatzeko guneak. Pertsona zein gizarte modura ahalduntzeko beharrezkoak diren tresnak eskuratzeko aukera eskaintzen dute”, azaldu dute arduradunek. Izan ere, diotenez, liburutegien helburuak dira pertsonak balioetan heztea, pertsona eta herrialde guztien hazkunde ekonomiko eta kulturala berdintasunean lortzea, hiri jasangarriak garatzea eta bizitza osasungarria izateko eskubideak eskaintzea.