Retolaza eta Ibarguengoitia, bigarren eta hirugarren Ortuellan
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren kanporaketa lehiatu zuten zapatuan Ortuellan. Txaber Altubek irabazi zuen, eta haren atzetik sailkatu ziren Mikel Retolaza busturiarra eta Julen Ibarguengoitia gernikarra.
Ortuellako Gorbea aretoan jokatu zuten atzo Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren kanporaketa, eta Txaber Altubek irabazi zuen.
Lan puntuagarri guztiak amaituta, 484,5 puntu bildu zituen Abadiñoko bertsolariak, eta haren atzetik sailkatu ziren Mikel Retolaza eta Julen Ibarguengoitia; busturiarrak 454 puntu eskuratu zituen, eta gernikarrak 446. Kartzelako ariketan nabarmendu zen Retolaza, eta zortziko handian Ibarguengoitia. Lilibertsoko kideek lan ona egin zuten.
Kanporaketan 433 puntu batuta laugarrena izan zen Peru Vidal, eta bosgarren postuan sailkatu zen Garikoitz Sarriugarte 416,5 puntugaz. Haren atzetik, Asier Alcedo geratu zen: 403,5 puntu eskuratu zituen.
Gauak jartzen Ifoia Anzorandia Kareaga aritu zen, eta epaileak izan ziren Ainhoa Arregi, Garazi Mendoza, Iñaki Aurrekoetxea, Jurgi Fuentes, Laure Etxebarria eta Mirari Azula. Idazkari beharretan Itziar Basterretxea Olarreaga aritu zen.
Hurrengoa Mungian. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hurrengo saioa Mungian lehiatuko da zapatuan, 17:00etan. Olalde aretoan batuko dira bertsolari eta bertsozaleak, eta bertan egoteko sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke.
Laugarren kanporaketa honetan ere, eskualdeko bertsolarien ordezkaritza egongo da, bertan ariko baitia Aitor Etxebarriazarraga eta Koldo Gezuraga bertsolari gernikarrak. Eurekaz batera Aissa Intxausti lekeitiarra igoko da oholtzara, baita Arkaitz Zipitria, Oihana Bartra eta Paule Ixiar Loizaga ere. Gai jartzaile lanetan Igor Menika Bengoetxea ariko da.
Saioaren irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara, eta besteek, puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera. Finala abenduaren 18an jokatuko da.
Txapelketaren puntuazioa
- Txaber Altube Sarrionandia: 484,5 (Sailkatuta, kanporaketa irabaztearren)
- Gorka Pagonabarraga Agorria: 482,5 (Sailkatuta, kanporaketa irabaztearren)
- Ibon Ajuriagojeaskoa: 479,00 (Sailkatuta, kanporaketa irabaztearren)
- Ander Elortegi: 477,50
- Julen Arzanegi Erezuma: 460,5
- Mikel Retolaza Etxebarria: 457
- Asier Galarza: 451,00
- Mikel Goiriena Larrazabal: 448,5
- Ibai Amillategi Omaetxebarria: 447,5
- Julen Ibarguengoitia Ordorika: 446
- Iruri Altzerreka: 433,50
- Peru Vidal Gurrutxaga: 433
- Inazio Vidal: 421,00
- Garazi Navarro Ugarteburu: 418,5
- Garikoitz Sarriugarte Onaindia: 416,5
- Ander Ucelay Aristi: 416
- Asier Alcedo Cano: 403,5
- Beñat Bilbao: 398,50