Emakume sortzaileen topalekua
Emakume sortzaileen lana ikusarazteko Nomadak Gaitun! azoka ibiltarian batuko dira herritarrak bihar, Astran. Dinagu kolektiboak sustatuta, 20 postu egongo dira.
Diseinu eta sormenaren esparruan lanean diharduten emakumeen sorkuntzaren erakusleihoa da Nomadak Gaitun! azoka ibiltaria. Euskal Herrian sakabanaturik dauden emakume sortzaileen elkargunea izateko sortu da, euren arteko sarea josi eta mugimendu oso bat bideratzeko asmoz.
Dinagu kolektiboko emakumeek bultzatu dute herriz herriko artistak batuko dituen plaza ibiltaria. Nomada. Etengabeko eraldaketan dagoen mugimendua. “Sormenaz gozatzeko espazio bizi bat da azoka ibiltaria, gure herrian moda zein irudigintzaren esparruetan gertatzen ari denaren leihoa”, adierazi dute antolatzaileek.
Plazako bizitzan sinisten dute, baita bertan sortzen diren harremanetan ere: “Horregatik, sormenaren esparruan daukagun aukera zabala erakutsi nahi diegu herritarrei eta, bide batez, egungo kontsumo ereduei buruzko hausnarketa eragin gura diegu”.
Lehenengo azoka ibiltaria Azpeitiko Azoka plazan egin zuten uztailean, eta emakumeen 20 postutik gora jarri zituzten han. Jendearen “harrera bikainak” Gernika-Lumoko Astrara dakartza orain. Euren bigarren geralekua izango da zapatuan herritar-mugimenduaren parte hartzeagaz martxan dagoen espazioa, autogestioz eta eragileen arteko lankidetzagaz dinamika ezberdinak aurrera eramaten dituena. “Bizkaian espazio gozo eta txukunak bilatu genituen, eta Astran azoka bat antolatzeko aukera bikaina geneukala ikusi genuen. Gainera, ahal den heinean beste talde edo eragile batzuekin elkarlana sustatzea bilatzen dugu, eta Astrak hori ere eskaintzen du”, azaldu dute.
Hala, formatu berria probatuko dute kulturarako fabrika sozialean, arratsaldeko azoka izango baita zapatukoa. 16:00etatik 21:30era bitartean, emakume sortzaileen hogei postu aurkitu ahalko dituzte bertara gerturatzen direnek: “Moda, dekorazioa, bitxigintza edota ilustrazioaren munduko proiektu ezberdinak, guztiak Euskal Herrian sortuak”.
Busturialdekoak ere egongo dira bertan. “Gure postuez aparte, azokako postuetan herriko zein eskualdeko emakume sortzaileen postuak egotea bultzatzen dugu”, zehaztu dute antolatzaileek.
19:30etik aurrera, eskualdeko emakume baserritarren produktuekin prestatutako jatekoa dastatzeko aukera ere egongo da. Tabernako barra zabalik egongo da egitaraua amaitu bitartean. Eguna Nebbian taldearen musikaz borobilduko dute. Izan ere, Astrara bertaratzen direnek euren musikaz gozatzeko aukera izango dute.
Dinagu kolektiboa
2018an sortu zuten Dinagu emakumeen kolektiboa. “Donostiako Gabonetako artisau azokan espazioa eta gastuak elkarbanatzeko asmoz batu ginen emakume sortzaile batzuk, eta elkarlan hori oso ondo joan zenez, errepikatzea erabaki genuen, baina Pop-Up formatuetan”, azaldu dute. Hala, Zarautzen hilabete baterako lokala hartu eta denda zabaldu zuten Dinagu osatzen zuten lau sortzaileek eta beste bi sortzailek. Hortik Getariara joan ziren, eta handik gero, Errenteriara. “Dinagutarrez gain, beste emakume sortzaile batzuk ere gonbidatu genituen”, zehaztu dute.
Koronabirusak, baina, gelditzera behartu zituen, eta, urtebetez, hala egon behar izan dute, geldi. Martxa hartzerakoan, taldean aldaketak egin zituzten, eta sei dira orain Dinagu osatzen dutenak: Karmele Salsamendi, Ilazki Lili, Edurne Kortabarria, Leire Aiartzaguena, Maider Gaztelumendi eta Agara Agirre.
“Pandemiaren ondorioz herritarrak ezin zirenez alde batetik bestera ibili, gu jendearengana hurreratzea pentsatu genuen, eta hala sortu zen azoka ibiltariaren ideia», azaldu dute. Orain, nomadek bezala, ibilbide bat osatu gura dute, Euskal Herriko lurralde guztiak zapalduz. «Gipuzkoan egon ginen uztailean, eta orain Bizkaira gatoz”.
Emakumeen lana, plazara
Azoka ibiltariaren bitartez emakume sortzaileen lana ikusaraztea eta sortzaileak ahalduntzea da helburua. “Egile gisa merkatuan autonomia berreskuratu gura dugu. Izan ere, gure lanaren balioa errespetatzeko ahalduntzea ezinbestekoa da”.
Halaber, elkarlanaz sortzaileen arteko sarea osatu gura dute, “ondokoa konpetentzia dela sinestarazteari utziz eta elkarren bidelagun sentituz”. Zehaztu dutenez, sortzaile baten bidea “askotan” bakarrik egiten den bidea da, eta azokagaz emakume ezberdinak “bildu eta taldean indartsuagoak” direla sinestarazi gura diete.
Aurrez aurreko tratuaren garrantzia ere nabarmendu dute: “Guretzako oso garrantzitsua da gure sostengua diren kontsumitzaileengana ahalik-eta erosoen eta gozoen hurbiltzea”. Azoka Euskal Herri mailan zabaltzeko gogoagaz, gainera, sortzaile eta kontsumitzaile berriak ezagutuko dituzte. “Eskualde askotako sortzaile gehienak eskualdera eta eskualdeko kontsumitzaileetara mugatzen dira, eta monotonia horregaz hautsi eta euskal herrira zabaldu gura dugu gure lana. Izan ere, horrek aberastasuna dakar. Urrutikoak elkartzea, ezagutzea…. Beste probintzia batzutakoak ere egoten dira gure azoketan, eta kontsumitzaile berriengana hurbiltzea lortzen dute”.
Eremuan eremukoa ondo dagoela azpimarratu dute, baina azokagaz kontsumitzaileei eskaintza zabalagoa eskaini eta sortzaileentzako publiko zabalagoa izatea lortzen dutela diote Dinaguko kideek: “Sarea zabalagoa izango da, eta elkarlanak ere sortu daitezke”. Herritarrei azokara bertaratzeko deia egin diete.