Memoria eta elkarbizitza landuko dituzte AfalosteON gune birtualean
Euskarazko online elkarrizketen eta sukaldaritzaren bitartez, memoria eta elkarbizitza landuko dituzte parte hartzaileek martitzenean 19:00etatik 21:30era bitartean. Bertan egon gura duenak aurretiaz izena eman behar du.
Euskal Herriko memoria eta elkarbizitzari buruzko gaiak jorratzeko AfalosteON laborategi gastronomiko eta soziala prestatu dute martitzenerako, euskaraz. Online elkarrizketen eta sukaldaritzaren bitartez, memoria eta elkarbizitza landuko dituzte parte hartzaileek 19:00etatik 21:30era bitartean.
Pandemia dela-eta, online elkarrizketak egin zituzten iaz, eta aurten ere hiru saio Interenetez egingo dituzte. Dena dela, azaroaren 9an, Bake Leku txokoan bilduko dira, 19:00etatik 21:30era.
Martitzeneko AfalosteON laborategi gastronomiko eta sozialean motibazio politikoko indarkeriek eguneroko bizitzan eta gizarte sarean zelan eragin duten aztertuko dute. “Iraganak gure oraingo eta etorkizuneko bizitzan dituen ondorioei buruz hausnartzeko gunea eta unea izango da”, zehaztu dute. Izan ere, bizikidetza soziala sustatzeko gune birtuala da ekimena.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako 27 elkartek osatzen dute Giza Eskubide eta Bake Hezkuntzaren Elkarteen Foroak sustatu duen ekimena. Hori burutzea Bakeolak eta Gernika Gogoratuz elkarteek erraztu dute, Iñigo Retolazaren laguntzagaz.
Izen ematea
Afalostea Zoom plataforma erabilita gauzatuko da, eta bertan egon gura duenak aurretiaz izena eman behar du. Horretarako, Giza Eskubide eta Bake Hezkuntzaren Elkarteen webgunean dagoen izena emateko orria bete beharko da. Behin hori eginda, Zoom plataformara batzeko esteka jasoko dute apuntatu direnek.
Parte hartzeko baldintza bakarra norberaren bizipenak partekatzeko eta beste ikuspegi batzuk ezagutzeko gogoa izatea da. Bakoitzak pintxo edota plater bat partekatu beharko du (argazkian edo zuzenean), iraganeko gune esaguratsuren bat gogora ekartzeko eta horri buruz hausnartzeko.
Gehienez ere, 15-20 lagun batuko dira, eta genero eta belaunaldien arteko oreka bilatuko dute, “foroa belaunaldien arteko topagune anitza ere badelako”.