Martxan dago Morgako bederatzigarren argazki lehiaketa
Morga izango du ardatz argazki lehiaketak, eta parte hartu gura dutenek urriaren 20ra arteko epea daukate euren lanak aurkezteko.
Bederatzigarren urtez, argazki lehiaketa antolatu du Morgako Udalak. Oraingoan ere, Morga izango du ardatz, eta lehiaketan parte hartu gura dutenek urriaren 1etik 20ra arteko epea daukate euren lanak aurkezteko.
Zehaztu dutenez, gehienez bost argazki bidali ahalko ditu parte hartzaile bakoitzak, betiere argazki horiek Morgako irudiak jasotzen badituzte. Argazki digitalak izan beharko dira eta lehiaketan parte hartzeko Morgako Udaleko helbide elektronikora (kultura@morgakoudala.com) bidali beharko dira Argazki Lehiaketa izenburupean. Bidalketan gainera, parte hartzailearen izen-abizenak, kontaktua eta argazkiaren kokapena zehaztu beharko dira
Jasotako argazki guztien artean 12 aukeratuko ditu udalak, eta webgunean (morga.eus) erakutsiko ditu, herritarrek euren botoen bitartez saridunak zeintzuk diren hautatzeko. Bi sari banatuko dituzte aurten: lehiaketako irabazleak txakoli sorta eta herriko taberna batean bi pertsonentzako hamaiketakoa jasoko ditu, eta bigarrenak herriko taberna batean bi pertsonentzako hamaiketakoa.
Udalaren artxiboa. Udalak zehaztu duenez, argazki lehiaketara aurkezten diren argazkiak Morgako Udalaren artxiboan sartuko dira, eta horiek erabiltzeko baimena izango du; bai erakusketak egiteko, egutegiak egiteko, web orrialdean jartzeko… Egutegian agertzen diren argazkiak horizontalak izango direla zehaztu dute arduradunek. Argazkietan agertzen diren pertsonei buruzko edonolako erantzukizuna argazkilariarena izango dela adierazi dute.