Gaztaina artean, herri tradizioari eutsiz
Gaztañerre Egunean elkartu dira gaur Gautegiz Arteagako haur, gazte eta nagusiak. Iaz, pandemia tarteko, ezin izan zuten eguna ospatu, baina aurten jai eguna antolatzearen alde egin dute Antoliñape kultur elkarteak eta Montorre eskolako guraso elkarteak.
Antolatzaileak jendeak izandako erantzunagaz “oso pozik” egon dira. Herritarrek bikain erantzun dutela diote, azken urteetan baino jende gehiago gerturatu baita herriko plazara: “Ez genuen horrenbeste jende gerturatzea espero, baina herriko txiki eta nagusiek bikain erantzun dute. Azken urteetan baino jende gehiago batu gara”. Eguraldia lagun izan dute, eta horrek ere jendea erakarri duela diote.
Goizetik batu dira adin ezberdinetako herritarrak herriko plazan, eta gaztainak batzera abiatu dira. Eguerdian bueltatu dira, bildutakoak jateko prest. Hala ere, lehenago, herrian ohitura bilakatu den gaztaina bilketaren apustua egin dute.
Gaztainak bildu eta horien kopuruari buruzko apustua egin ostean, gaztainak jateko unea heldu zaie plazan bildutakoei. Gaztainak jateko, baina, aurretiaz prestatu egin behar dira, eta aintzinako erara egiteko hautua hartu dute arteagarrek. Hala, batutako gaztainak tanbolinean erre dituzte ume zein nagusiek.