Eurokopan lehiatzeko prest daude
EuroCup Women txapelketa etxetik kanpo hasiko du etzi Lointek Gernika Bizkaiak: Boloniako Virtusen aurka jokatuko du lehenengo partidua. Lesioek taldean eragindako hutsuneari aurre egin eta "gogor lehiatzera" aterako dira talde gernikarreko jokalariak. Gabija Meskonitek denboraldi guztia galduko du.
EuroCup Women txapelketan bosgarren urtez jarraian ariko da Lointek Gernika Bizkaia. Lehenengo norgehiagoka etxetik kanpo lehiatuko du etzi, 20:30ean Italiako Boloniako Virtusen aurka. Mario Lopezen jokalariak, baina, ez daude momenturik onenean.
Lesioek Lointekeko jokalarien denboraldi hasiera baldintzatu dute. Izan ere, postu bereko bi jokalari min hartuta daudela joango dira Italiara: Angie Bjorklund eta Gabija Meskonite barik; Meskonitek denboraldi guztia galduko du. Marge Roundtree gaixorik egon da, baina jokatzeko prest dago. “Bi eta hiru postuetan jokatzeko hiru jokalari besterik ez ditugu: Belen Arrojo, Marta Alberdi eta Roso Buch. Avenidaren aurka aldaketa batzuk egin genituen, eta taldea moldatzen ari gara orain. Izan ere, oso postu garrantzitsuak dira gure jokorako. Angiek hiruko marratik puntu asko eskuratzen ditu eta Gabik denetarik egiten du. Eurek utzitako hutsunea ahalik eta hoberen betetzen saiatuko gara, baina ez da lan erraza izango. Roundtree gripeagaz egon da eta etzi jokalaria ez kantxaratzea zen asmoa, baina Bjorklunden lesioa dela-eta, jolastu egin beharko du”, azaldu du entrenatzaileak.
EuroCupeko lehenengo kanporaketan multzo “zailena” egokitu zaio talde gernikarrari. Izan ere, Boloniako Virtus taldeaz gain, Frantziako La Roche Vendee eta Flammes Carolo izango ditu aurrez aurre. Iaz, frantsesei irabazi zieten gernikarrek, baina euren aurka garaipena eskuratzea ez dela lan erraza adierazi dute Lointekeko jokalari eta entrenatzaileek. “Lehenengo kanporaketa honetan maila gutxiagoko taldeen aurka jokatzea gustatuko litzaidake, baina, multzorik gogorrena egokitu zaigu. Talde frantsesen aurka iaz jokatu genuen, eta oso gogorrak dira, fisikoki bikainak. Jokalari onak dituzte”, zehaztu du Lopezek. Frantziakoak oso talde fisikoak dira, muskulu askoko jokalariak dituztelako barne jokoan, baina Italiako taldea dela pibotik gogorrena duena dio entrenatzaileak.
Arazoei aurre egin, eta “gogor lehiatzera” aterako dira Boloniako Virtusen aurka. Jokatzeko prest daude, abentura berri bati ekiteko prest. “Erronka berri bat da. Ilusioz ekingo diogu, asko gustatzen zaigun txapelketa delako. Multzo gogorra egokitu zaigu, baina taldea ilusioz beteta dago, lehiaketa hasteko gogoz”, adierazi du Belen Arrojo taldeko kapitainak.
Entrenatzaileak dio etxetik kanpo partidu on bat egitea dela asmoa. “Orain arte Teneriferen eta Avenidaren aurka egin ez duguna egitea, alegia”. Gainera, Eurocupen etxetik kanpo garaipena eskuratzea “oso garrantzitsua” dela azpimarratu du.
Lehenengo partidua italiarren aurka jokatuko dute, eta euren izaera “lehiakorra” azpimarratu du entrenatzaileak: “Maila handiko jokalariak ditu. EuroCupeko lehen postuetan lehiatzeko talde egonkorretako bat da”.
Hori horrela, taktikoki lan “asko eta ona” egin beharko dute talde gernikarreko jokalariek. “Hala ere, Boloniako jokalariek oso ondo irakurtzen dute jokoa, eta guk egiten duguna geldi dezakete”, adierazi du Lopezek.
Orain arteko partiduetan egindako akatsetatik ikasi eta defentsan estutu beharko dute: “Defentsa lan ona egitea da gakoetako bat, batez ere etxetik kanpoko norgehiagoketan. Defentsan sendoago jokatu behar dugu, orain arte aurkariek erraz saskiratu baitute gure aurkako partiduetan. Sendoagoak izan behar gara defentsan, eta errebotea zaindu behar dugu. Gainera, baloi asko galtzen ditugu erasoan, eta horretan ere hobetu beharra daukagu”. Jokoa berreskuratu eta trantsizio azkarrak bilatu behar dituztela gaineratu du entrenatzaileak: “Talde lanean oinarritzen da gure jokoa. 40 minutuz kontzentratuta jokatu behar dugu”.
Entrenatzailearen taktika berretsi du Marta Alberdi jokalari gernikarrak: “Boloniak jokalari oso onak ditu, eta aurrez aurreko defentsan lan gogorra egin beharko dugu. Badakigu talde modura defentsa lan ona egiten dugula, baina banakakoan gogorragoak izan behar gara. Aurrerpauso hori eman behar dugu”.
Talde lan horretan sinisten du entrenatzaileak: “Txapelketan a jarraitzeko aukerak ditugu. Hiru partidu jokatzen ditugu etxean, eta horrek irabaztea oso garrantzitsua izango da. Multzo gogorra izan arren, lehiaketan aurrera jarraitzeko aukerak ditugu”.
Hain zuzen ere, Eurokopan daukaten esperientzia nabarmendu du Itziar Ariztimuñok: “Eurokopan partidu asko jokatu dituzten taldeak daude, baina guk ere esperientzia daukagu. Gainera, Espainiako ligan oso talde onak daude, eta euren aurka hainbat lehiaketetan jokatzeak mesede egiten digu”. Kontzentratuta eta “irabazteko jarreragaz” kantxaratzeko asmoa dutela dio Ariztimuñok. “Kalitatea oso garrantzitsua da, baina irabazteko gogoa eta jarrera ona edukitzea ezinbestekoa da”, dio jokalariak.
Maloste. Etxeko partiduek garrantzia berezia hartzen dute Eurokopan, eta etxeko zaleen babesa izango dute denboraldi honetan. “Lehen mailako emakumezkoen saskibaloiaz gozatzeko eta talde onak ikusteko aukera paregabea da. Guretzako, gainera, kantxa beteta dagoela ikustea izugarria da. Eurocupeko gau magiko horiek etxekoekin berriro bizitzeko gogoa daukagu”, adierazi du entrenatzaileak.
Bosgarren urtez ariko da talde gernikarra Eurokopan, baina Alberdiren bigarren aldia izango da. “Berezia da aurtengoa, iaz Valentzian, ikusle barik, eta burbuiletan banatuta jokatu behar izan genuelako. Malosten jokatzeko gogoa daukat, baita urduritasuna ere; intentsitate handiz jokatzea eragiten dit horrek. Azken urteetan bete egiten zen kantxa, eta hori ikusi gura dut”, dio Alberdik. Beheko mailetatik onenera heldu da, eta EuroCup Women txapelketa lehiatuko du. Aukera hori eduki izana “plazerra” dela dio: “Lehenengo mailan jokatzea inoz espero ez nuen kontua da. Ohorea da maila Eurokopa jokatu ahal izatea”.