Gorenean mantentzeko helburua dute basurdeek
Ohorezko Mailako lehenengo norgehiagoka jokatuko dute basurdeek domekan, eta gogor ari dira lanean denboraldi hasierara sasoian heltzeko. Lehenengo mailan mantentzea da denboraldiko helburua.
Menderaezin. Hala amaitu zuten Ohorezko B Mailan basurdeek. Denboraldi guztian zehar partidu bakarra galdu zuten, La Vilaren aurka, ligako titulua eta zuzeneko igoera lortzekoa, hain zuzen. Porrot hartatik ikasi eta Independienteren aurka eskuratu zuten gorengo mailan jokatzeko txartela maiatzaren amaieran. Bi denboraldi Ohorezko B Mailan lehiatu eta gero, bueltan dira. Igoera lortzea zen klubaren apustua, eta denen lanaren fruitua jaso dute. Orain, taldea osatzea, iazko jokoa berreskuratzea eta Ohorezko Mailan lehiakorrak izatea dira hasierako helburu nagusiak.
Liga berria da, “oso gogorra”, talde bikainek osatzen dutena. Mailaz igo dira, eta lehiakortasuna ere handiagoa izango da Ohorezko Mailan. Aurreko denboraldian, hasieratik amaierara arte talde erregularra izan zen Gernika Rugby Taldea. Neurketak behar bezala kudeatu zituzten jokalariek eta defentsan diziplina osoz jokatu zuten. Nagusitasun hori markagailuan islatu zen zenbait partidutan. Eta joko horregaz jarraitu gura dute auren ere. “Ligari neurria hartu behar diogu, liga berria delako, eta oso gogorra. Jokalari berriak ditugu taldean, eta oraindik falta da baten bat. Hori dela eta, liga honetan zelan moldatzen garen ikusi beharko dugu lehen partiduetan”, adierazi du Eduardo Maidagan Gernika Rugby Taldearen entrenatzaileak.
Hori horrela, denboraldiko lehenengo helburua taldea osatzea eta iazko jokoa berreskuratzea izango den arren, entrenatzaileak argitu du denboraldi amaieran Ohorezko Mailan mantentzeko arazorik ez izatea dela aurtengo helburu nagusia: “Gorengo mailan mantentzea da asmoa, sailkapenean ahalik eta goren egotea”.
Aurrendenboraldiak taldea zelan dagoen eta hobetu beharreko puntuak zeintzuk diren zehazteko balio du, eta Maidaganek identifikatu ditu zehaztu beharrekoak. Uribealdea RKEren aurka eta Elorrioren aurka jokatu zituzten hilaren hasieran denboraldiaurreko lehen partiduak: “Sentsazioak berreskuratzeko norgehiagokak izan ziren biak ala biak, zelaietara bueltatzekoak”. Azken lagunartekoa Ordiziaren kontra jokatu zuten hilaren 18an, eta partidu hori aurrekoak baino «gogorragoa» izan zela dio Maidaganek. “Alde onak eta txarrak ikusi ditugu. Horretarako dira aurredenboraldiak. Hobetu beharrekoak hobetu eta gorantz joan behar gara orain”.
Fitxaketak
Sakondu beharrekoen artean, lehenengo betebeharra eta garrantzitsuena taldea osatzea dela dio basurdeen entrenatzaileak. “Jende berria etorri da, eta taldea sortu beharra dago oraindik. Hasi gara denok batera entrenatzen, baina talde sendoa sortu behar dugu. Ea denon artean sortzen dugun joan den denboraldiko moduko talde bat. Talde lana egin beharra dago, ahalik eta arinen gure sistemak sortzeko. Gure helburuak lortzeko garrantzitsuena da hori”, dio.
Iazko taldea da aurtengoaren oinarria. Fitxaketa berriak egin dituzten arren, iazko taldearen sendotasuna mantendu dute, eta hori aprobetxatu beharko dute basurdeek. Aurreko denboraldian atzerriko bost jokalari ekarri zituzten denboraldi hasieran, eta probak egiten beste hiru argentinar gazte hurbildu ziren. Horietatik hauek jarraitzen dute taldean: Facundo Lamas, Agustin Veroli, Juan Bautista Arranz eta Estanislao Renthel argentinarrak, eta Fagu Malloy samoatarra. Horiez gain, beste bi argentinar ariko dira Gernikako taldean: Leonel Moreno eta Francisco Pastor dira atzerriko fitxaketa berriak.
Etxekoei erreparatuta, iazko taldetik bakarrak utzi du taldea: “Etxekoen artean bakarra galdu dugu. Beste guztiak mantentzen dira. Baina aurtengo denboraldiak ez dauka zerikusirik iazkoagaz. Aurtengoa oso gogorra da, eta maila honetara egokitu beharko dira jokalariak. 23 urtez azpikoak ere gurekin entrenatzen eta jokatzen aritu dira aurredenboraldian”. Harrobiari bultzada eman gura diote, “oso garrantzitsua” dela uste baitute, baina Maidaganek dio ez dela horren erraza: “Hala ere, 23 urtez azpikoak gurekin egon dira, denon beharra dugulako, bai atzerritarrena zein etxekoena. Denak behar ditugu”.
Lehenengo norgehiagoka
Etxetik kanpo hasiko dute denboraldia basurdeek. Domekan, 12:00etan, Bartzelonako Santboiana taldearen aurka ariko dira Estadi Baldiri Aleu izeneko zelaian, eta partidu “oso gogorra” izango dela uste du entrenatzaileak: “Santboianak aurten bi urte egingo ditu lehenengo mailan, eta oso ondo osatu dute taldea. Partidu oso lehiatua eta gogorra izango da. Gainera, etxean jokatuko dute”.
Hori horrela, lehenengo puntuak eskuratzeko, kataluniarren erasoak gelditu beharko dituzte. “Uste dugu oso gogor aterako direla euren zaleen aurrera, eta guk eraso horiek gelditu beharko ditugu, lasaitasunez, gure jokoa egin ahal izateko”. Partidu gogorra dute aurretik, baina ligako lehenengo puntuekin bueltatu gura dute udalerrira.