Familiakoak eta lagunak oroitzeko gereziondoa
Herriko lur "kuttun" batean gereziondoa landatzeko gonbita egin zieten irailaren 8an Pirritxek eta Marimototsek herriko gazteei. Eta hitz emandakoa bete dute Nabarnizko gaztetxoek. Zuhaitzagaz hiltzen diren familiakoak edo lagunak gogoratu eta omendu gura dituzte.
Gereziondoa landatu dute Nabarnizen. Herriko lur “kuttun” batean gereziondoa landatzeko gonbita egin zieten irailaren 8an Pirritxek eta Marimototsek herriko gazteei, eta gonbidapen horri erantzun diote Nabarnizko gaztetxoek: gereziondoa landatu dute herriko frontoiaren aurrean dagoen lursailean.
Hiltzen diren familiakoak edo lagunak gogoratu eta omendu gura dituzte gereziondoagaz. “Pirritxen eta Marimototsen ikuskizunak naturagaz zuzenean lotuta gaudela erakutsi zigun. Eta ingurukoren bat hiltzen denean zuhaitz bat landatzeko gonbidapena egin zieten txikienei, triste daudenean zuhaitzaren ondora joateko esanez. Gainera, ingurukoak zaintzeko deia egin zieten”, azaldu dute udal ordezkariek.
Eta asmo horregaz, gereziondoa landatu zuten domeka arratsaldean: “Herriko ume gehienek parte hartu zuten, eta eurek landatu zuten zuhaitza”.