Busturialdeko lau bertsolari ariko dira Bizkaiko txapelketaren lehen kanporaketan
Durangon domekan lehiatuko dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren lehen kanporaketa, eta bertan ariko dira Busturialdeko lau bertsolari. Sarrerak salgai daude wwwbertsosarrera.eus webgunean.
Ander Elortegi Garatea, Beñat Bilbao Landa eta Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia gernikarrek eta Asier Galarza Garai muxikarrak Durangon jokatuko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren lehenengo kanporaketan parte hartuko dute. Eurekaz batera Inazio Vidal Gurrutxaga leioatarra eta Iruri Altzerreka Martinez garaitarra ariko dira. Domekan 17:00etan Durangoko San Agustin kulturgunean jarri dute hitzordua.
Kanporaketa fasean bertsolariek hurrengo lanak egin beharko dituzte: zortziko nagusian eta zortziko txikian, ofiziotan, hiruna bertso bota beharko dituzte, eta, puntua emandakoan bertso bi bota beharko dituzte zortziko txikian. Hamarreko txikian, ofiziotan, hiruna bertsogaz amaituko dute bikoteka egiteko lana. Azken lana, bakarkakoa izango da: gai bati buruz bertso bi bota beharko dituzte doinu eta neurri librean.
Saioan gaiak ematen Leire Garatxena Larrabe ajangiztarra egongo da, eta epaimahaiko kideak, berriz, hurrengoak izango dira: Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa gernikarra, Ainhoa Arregi Elosua, Garazi Mendoza Agirre, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu eta Mirari Azula Aurrekoetxea.
Saioaren irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara, eta besteek, puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera. Finala abenduaren 18an jokatuko da.
Durangoko saiorako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.