Gernika-Lumoko Udalak merkatari eta ostalarien lana sarituko du berriro
Udalak 'Nik Gernikan' lehiaketaren bigarren edizioa jarri du martxan. Horren bidez, herriko merkataritza eta ostalaritza sareko profesionalek egiten duten "lan bikaina" aitortu gura du. Izena emateko epea urriaren 15era arte egongo da zabalik.
Gernika-Lumoko Udalak merkatariek eta ostalariek egiten duten hurbileko lana saritu gura du aurten ere, eta lau sari banatuko ditu berriro: ostalaritza, merkataritza berritzailea, auzoko merkataritza eta merkataritzaren ibilbidea. Iazko saridunak Musutruk, Kalekho, Lorategieta Unico eta Drogeria Amutio izan ziren.
Horretarako, udalak Nik Gernikan lehiaketaren bigarren edizioa jarri du martxan. Horren bidez, herriko merkataritza eta ostalaritza sareko profesionalek egiten duten “lan bikaina” aitortu gura du, baita ematen dituzten produktuen kalitatea eta bezeroekiko duten tratu ona nabarmendu ere. “Lehiaketa honen bidez, udalerriko establezimendu adierazgarrienen ibilbidea goraipatu nahi dugu. Balioan jartzen dugu, gainera, jendearen arreta hobetzeko egiten duten ahalegina, bai eta enpresa txikiak garai berrietara egokitzeko praktika berritzaileak lantzeko egiten duten ahalegina ere”, adierazi dute udal ordezkariek.
Ildo horretatik, udal-merkataritzari zuzendutako hiru sari eta ostalaritzako bakarra banatuko ditu. Sariak 1.000 eurokoak izango dira atal bakoitzean, eta merkataritza txikia edo ostalaritza jarduera duten tokiko pyme guztiek har dezakete parte. Merkataritza gisa honako jarduera hauek onartzen dira: ile-apaindegiak, apaindegiak, garbitegiak, kopia-dendak, argazki-dendak, konponketak eta gimnasioak.
Izena emateko epea urriaren 15era arte egongo da zabalik, eta parte hartu nahi dutenek Merkataritza Bulegoan jasoko dute aurkeztu beharreko dokumentazioa eta informazio guztia. Herriko komertzio eta ostalariei lehiaketan parte hartzeko deia egin die udalak. Hain zuzen, sektore horiek 750 pertsona ingururi ematen die lana, eta 400 lokal baino gehiago daude irekita udalerrian.