Berba Truke programa jarriko dute martxan berriro
Euskaraz edo gaztelaniaz hitz egiteko maila duten ikasle atzerritarrak hizkuntza horiek menperatzen dituzten pertsonekin harremanetan jartzea da programaren helburua.
Beste urte batez, etorkinei zuzendutako Berba Truke programa abiarazi du Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak.
Euskaraz edo gaztelaniaz berba egiteko maila duten ikasle atzerritarrak hizkuntza horiek menperatzen dituzten pertsonekin harremanetan jartzea da Berba Trukeren helburua, eta horretarako bikote linguistikoak sortu eta berbetan aritzeko aukera eskaintzen du. Halaber, Busturialdean bizi diren hainbat jatorritako auzokideen arteko bizikidetza eta elkar ezagutza sustatzea ere indartu gura du programak.
Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak zehaztu duenez, eskualdean bizi diren 18 urtetik gorako herritar atzerritarrei zuzendutako programa da, eta parte hartu gura badute, euskaraz edo gaztelaniaz oinarrizko elkarrizketa bat mantentzeko gai izan behar dira.
Era berean, euskara edo gaztelania menperatu eta eskualdean bizi diren herritarrak deitu dituzte parte hartzera. Prest egon beharko dute ikasten ari diren ikasleekin astean behin elkartzeko, ordubetez gutxienez; nahi duten orduan eta lekuan batuko dira. Argi utzi nahi izan dute ez dela inolako titulaziorik behar, helburua hizkuntza batean zein bestean berba egitea dela esanez.
Izena emateko Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuagaz jarri beharko da harremanetan, 94 465 33 23 telefono zenbakira deituta edota hurrengo helbide elektronikora idatzita: immigrazioa@busturialdea.eus. Izena emateko Industria kaleko 7. zenbakian dagoen bulegora ere bertaratu daitekela adierazi dute, 09:00etik 15:30era bitarteko ordutegian.
Immigrazio zerbitzuko arduradunek programan parte hartzeko interesa dutenak elkarrizketatuko dituzte, eta jasotako informazioagaz bikoteak osatuko dira, zaletasunak, libre dituzten egunak eta orduak kontuan hartuta.