Kantu eta kolorez bete dituzte herriko kaleak
Kantu Kolore musika taldeak eta Ross dantza eskolak bat egin dute, eta Gernika-Lumoko kaleak kantuz eta kolorez bete zituzten atzo. Talde galdakaoztarrak bere bigarren diska kaleratuko du azaroaren 7an, Esna zaitez, eta lan berriaren bideoklipa grabatu dute udalerriko kaleetan.
Laukoteak ildo beretik jarraituko du diska honetan: hezkuntzarako kantuak sortu ditu, bi urtetik hamabi urterarteko umeei zuzenduta. Adin bakoitzeko kantu bat konposatu du, nahiz eta adin tarte guztiek kantu guztiak entzun ditzaketen. Izan ere, abesti guztiek helburu didaktikoak dituzte, eta denek gordetzen dute mezuren bat. Haurrak eta haien familiak gozatzera gonbidatzeaz ez ezik, munduko gosea, lurraren iraunkortasuna edo euskara bezalako gaiei buruz hausnartzea bilatzen dute.
Hala dio Esna zaitez abestiaren tarte batek: Gure munduak behar gaitu, eta gure hizkuntzak, euskara, ere bai. Batu ezazu aurkitzen duzun zabor guztia, eta egunero “stop plastic” praktikatu. Sukaldeko tresnak erabiliz mundu osoa elika dezagun, gure planetako goseari agur esateko. Esna zaitez eta zoriontsua izan. Zoriontsu izan eta egunero bi hiru pertsona zoriontsu egin.