Euskal Herriko kosmetika ekologikoari buruz ariko dira, bihar, Astran
Euskal Herriko kosmetika ekologikoa eta biokosmetika izango dira hitzaldiaren ardatz nagusiak. Bihar, 19:00etan kulturarako fabrika sozialean jarri dute hitzordua. Hitzaldiaren ostean dastaketa egingo dute.
Lurgozo Urdaibaiko Kontsumo Ekologikorako Elkarteak Kontsumo Kontzientea eta Arduratsua Urdaibaiko Biosferaren Erreserban deritzon proiektua jarri du martxan, eta kosmetika ekologikoari buruzko hitzaldia antolatu du biharko; 19:00etan Astran jarri du hitzordua.
Hain zuzen ere, Euskal Herriko kosmetika ekologikoa eta biokosmetika izango dira hitzaldiaren ardatz nagusiak. Kosmetika naturala deritzo bere konposaketan jatorri naturaleko produktuak bakarrik erabiltzen dituen kosmetika motari. Biokosmetika haratago doa: “Erabilitako osagaiek jatorri naturala eta jatorri ekologikoko zertifikatua izan behar dute. Are gehiago, material eta prozesu guztiak ekologikoak eta kontzienteak izatea, ingurumena eta pertsonak errespetatzea… exijitzen dute”. Horiei buruzko xehetasunez ariko dira Astran.
Hitzaldiagaz produktu ekologikoen aldeko apustua egiteaz gainera, tokiko kontsumoari, jasangarritasunari eta sozialki arduratsuak izateari bultzada ematea da asmoa. Izan ere, produktu ekologikoak egiten dituzten Ainara Beobide (Lavandula kosmetika) eta Maite Garcia de Cortazar (Lamiak Biokosmetika) bertaratuko dira kosmetika ekologikoari eta euren proiektuei buruzko azalpenak ematera.
Aurkezpenagaz amaitutakoan produktuak probatzeko aukera egongo dela adierazi dute arduradunek.