Unai Iribarrek irabazi du Ereñoko Udala Sari Nagusia
Laboral Kutxako irabazlearengandik 26 segundora helmugaratu zen Oier Aldama, eta bi segundo beranduago Xabier Berasategi. Gerandape Kirol Klubeko antolatzaileek lasterketa "oso polita" izan zela diote.
XVIII. Ereñoko Sari Nagusia lehiatu zuten zapatuan, eta Laboral Kutxa Fundacion Euskadi taldeko Unai Iribar izan zen azkarrena 105 kilometroko lasterketan.
23 urtez azpikoen Helduz Torneoaren azken lasterketa izan zen, eta Iribarrek bi ordu, 41 minutu eta 42 segundotan amaitu zuen. Podiuma osatzeko lehia bizia egon zen. Izan ere, Iribarrengandik 26 segundora helmugaratu zen Oier Aldama, eta bi segundo gehiago behar izan zituen Xabier Berasategi hirugarrenak. Berasategirengandik segundo bakarrera heldu ziren hurrengo sei txirrindulariak, lehenengo bederatzirak minutu erdiko denboran helmugaratuz; bi ordu, 42 minutu eta 11 segundo behar izan zituzten horiek.
Helduz Torneoa erabakita heldu zen Ereñora, garaipena Iribarren taldeko Xabier Isasak eskuratu baitzuen zapatukoa lehiatu aurretik.
Hala ere, lasterketa “bizia” izan zen Ereñokoa, “oso lehiatua”. 122 txirrindularik abiatu zuten proba, eta lehenengo hogei kilometroetan ez zen ihesaldirik sortu. Lehen aldapak igarota, baina, Sinuhe Fernandezek eta Xabier Berasategik minutuko errenta lortu zuten; kilometro gutxitan Castrillok eta Isasak osatu zuten taldea. Hala, Isasak zeharkatu zuen Ereñoko helmuga lehen postuan.
Ereño zeharkatuta neutralizatu zituzten horiek, eta zazpi txirrindulariko beste ihesaldi bat sortu zen berriro. Horien abantaila minututik gorakoa izan zen azken 23 kilometroetan sartu ziren arte. Izan ere, pelotoiak erritmoa bizitu zuen tropelaren lehen postuetan zeuden txirrindularien lanari esker, eta ihesaldikoak harrapatu zituzten. Baina Natxituako igoeran erasoak errepikatu ziren, eta Unai Esparzak, Asier Etxebarriak eta Iribarrek aurre hartu zuten. Hiruretan azkarrena izan zen Iribar, taldeakideak atzean utziz eta bakarrik helmugaratzea lortuz. “Natxituako gaina zeharkatu eta segidan, Egoineko bidegurutzean sartu aurretik, erasotu zuen Iribarrek, eta bera bakarrik heldu zen helmugara. Lasterketa oso polita izan zen, eta datorren urtean Euskaltel Euskadigaz kontratu profesionala sinatuta daukan txirrindulari gaztetxoa izan zen azkarrena”, adierazi dute Ereñoko Gerandape Kirol Klubekoek.
Unai Esparzak eskuratu zuen mendiko mailota, eta tarteko helmugakoa Xabier Isasarentzat izan zen. Taldekako saria, berriz, Laboral Kutxa taldeak eroan zuen, lehenengo sei postuetan taldeko lau txirrindulari sailkatu ziren-eta. “Laboral Kutxak momenturo kontrolatu zuen lasterketa”, adierazi dute Gerandapekoek.
Ispasterren euria egin zuen arren, ez zela erorketa handirik egon eta jende asko gerturatu zela nabarmendu dute: “Batez ere Atxoste inguruan batu zen jendea, lasterketa birritan igaro baitzen handik. Nabarnizen ere jende asko batu zen. Antolakuntzakoak oso pozik gaude”.