Udal ortuetan erabiltzaile berrien sarrera arintzearen alde egin du udalak
Udal ortuen ordenantza aldatu du, partzela libreak dauden artean erabiltzaile berrien sarrera arintzeko.
Udal ortuetan erabiltzaile berrien sarrera arintzea helburu hartuta, udal ortuak erabiltzeko ordenantza aldatu du Gernika-Lumoko Udalak, eta zuzeneko esleipenaren bidez banatuko dituzte orain. Dagoen itxaron zerrendaren arabera banatuko dituzte lehenengo, eta eskabide berrien ordenaren arabera gero, gaitutako lursail guztiak bete arte.
Horretarako, eskatzaileek izena eman beharko dute udalak lursailak erabiltzeko baimenak esleitzeko antolatzen dituen deialdietan, eta udalak antolatuko dituen ortuzaintza ekologikoari buruzko arauzko ikastaroak egin beharko dituzte, gutxieneko %90eko bertaratzeagaz. Ortuzaintza ekologikoari buruzko ikastaroren bat egin izanez gero, egiaztagiria aurkeztu beharko da.
Orain arte, ortu bakoitzaren esleipena lehia askeko administrazio-emakidaren bidez egin izan da, eskatzaileen arteko zozketa baten bidez. Pertsona horiek foru-herrian erroldatuta egon behar zuten.
Udal ortuak 60 eta 75 metro koadro dituzte, nekazaritza ekologikorako dira, eta udalerriko irabazi asmorik gabeko pertsona eta erakundeei zuzenduta daude. Zehaztu dutenez, autokontsumorako baino ez dira, produktuak trukatzea baino ez delako onartzen.
2016an, Piperra eta Gatza proiektua abiarazi zen, eta, horren bidez, nekazaritza ekologikoa sustatzeko hiri-ortuak prestatu ziren Gernika-Lumon. Gaur egun 63 bizilagun ari dira erabiltzen erreka-hegalaren inguruan dauden 130 partzeletako bat.