Asier Urionabarrenetxea izan da azkarrena Lumoko Kronoigoeran
Iban Uberuaga sailkatu da bigarren, eta denbora berdina eginda, Ugaitz Arrietak eta Arkaitz Agirrek osatu dute podiuma. Emakume bakarrak parte hartu zuen, Garazi Kortak, eta iazko Irati Apraizen denbora 29 segundotan hobetu zuen. Aurretik, kronoigoera lehiatu dute gaztetxoek.
Zapatuan lehiatu zuten III. Lumoko Kronoigoerako azkarrena izan zen Asier Urionabarrenetxea. Guztira 68 lagunek parte hartu zuten Aixerrotape Txirrindulari Elkarteak antolatu zuen lagunarteko proban, inoiz baino gehiagok. “Urtez urte parte hartzea handituz doa, eta edizio guztietan jende gehien batu da aurten. Izena emanda 73 egon ziren arren, azkenean 68k parte hartu zuten eta oso pozgarria da hori. Sakanatik ere etorri ziren batzuk, guraso eta seme-alabak, eta oso pozik egon ziren”, adierazi dute antolatzaileek.
Hala, kronoigoera “bikaina” izan zela diote, eta balorazio “oso positiboa” egin dute. Gainera, kronoigoera ikustera eta parte hartzaileei babesa ematera hurbildu ziren herritarrei ere eskerrak eman dizkiete: “Jende asko batu zen igoeran, eta oso polita izan zen”.
1,8 kilometro eta %7,5eko batez besteko malda dauka Pasealekua eta Lumo batzen dituen igoera laburrak baina gogorrak, eta 4 minutu eta 21 segundo behar izan zituen Urionabarrenetxeak aurtengo saria eskuratzeko. Lehia estua izan zen, Iban Uberuagak zazpi segundo gehiago behar izan zituelako. Azkenean 4 minutu eta 28 segundotan gelditu zuen denbora. Hirugarren postuan berdinketa egon zen, Ugaitz Arrietak eta Arkaitz Agirrek, biek ala biek, lau minutu eta 34 segundoko denbora egin zutelako.
Emakume bakarrak lehiatu zuen zapatuan, Garazi Kortak, eta sei minutu eta sei segundo behar izan zituen igoera amaitzeko.
Iaz Irati Apraizek (sei minutu eta 35 segundo) eta Ekaitz Lejarzegik (lau minutu eta 20 segundo) ezarritako denbora botatzeko asmoz batu ziren Pasealekuan 16 urtetik gorako txirrindulariak, eta Kortak 29 segundotan hobetu zuen iazko Apraizen denbora. Gizonezkoetan segundo bakarrera geratu zen Urionabarrenetxea, eta Lejarzegiren denborak onena izaten jarraituko du beste urte batez.
Gaztetxoen lehia. 49 lagunek parte hartu zuten nagusien lehian, eta 19 izan ziren Lumora igo ziren gaztetxoak. Euren artean, Paul Bonilla gailendu zen, lau minutu eta 56 segundoko denboragaz, eta Unai Bilbaok eta Markel Aranazek egin zuten bigarren eta hirugarren; bost minutu eta lau segundo eta bost minutu eta zazpi segundo behar izan zituzten helmugaratzeko.