'Guernica'-k Gernikako herriaren ahotsa falta duela azpimarratu dute
'Guernica' Gernikara aldarrikapenaren helburua margoa museo batetara ekartzetik harago doala aldarrikatu du Gernika Memoriaren Lekuko plataformak. Agerraldia egin dute Pasealekuan, eta erakusketa ipini dute Artekaleko arkupeetan.
Picassoren Guernicak Gernikan behar lukeela aldarrikatu dute gaur, berriro, [irailaren 18an] Pasealekuan. Gernika Memoriaren Lekuko plataformak deituta, agerraldian azaldu dute Guernica Gernikara aldarrikapena koadroa museo batetara ekartzetik harago doala. Helburua askoz sakonagoa dela azpimarratu dute: “Batetik, Guernica Gernikara ekarriz, euskal identitatea iraultzea, euskal kultura eraberritzea eta hedatzea zein memoria kolektiboa oinarri aurrerakoiekin eraikitzea; eta, bestetik, baina maila berean leudeke herrien eta giza eskubideen defentsa, antifaxismoaren eta zapalkuntzaren kontrako borroka eta Gernika-Lumotik Euskal Herrira eta Euskal Herritik Mundura, askapenezko gogo berri eta ekintzailea ematea eta zabaltzea”.
Hala, Guernica koadroari ahots bat falta zaiola gogoratu dute, Gernikako herriarena. Esan dutenez, gernikarrak dira koadroaren mezua zabaltzeko eta atzean duen historia kontatzeko aproposenak. “Memoriaren lekua bera baino toki hoberik ez dago, koadroa hartzeko eta gerturatzen direnek koadroaren esanahia lehen eskutik entzun eta ulertzeko”, aipatu dute.
40 urte bete dira Picassoren koadroa AEBetako New Yorken dagoen MOMA (Museum of Modern Art) museotik Madrilera heldu zena. Urteurren horretan, Gernika Memoriaren Lekuko plataformak gogoratu nahi izan du koadroak Madrilgo Reina Sofia museoan “bahituta” jarraitzen duela. Nabarmendu duenez, Picassok gernikarren mina bere egin zuen bezalaxe, gernikarrek ere sarraskiaren eta bidegabekeriaren isla den koadroa gure egiten dutela aipatu dute. “Koadroak atzean duen historiak, munduan barrena gizadiaren maltzurkeria bidegabea salatzeko erabili izan denak, guztion kontzientzian burrunba izugarria egin beharko luke berez. Hala ere, hantxe dago, Reina Sofia Museoko gela handi eta hotz batean, isil- isilik, urrutitik datozkion bisitariei mezua ondo helarazi ezinik”, esan dute.
Erakusketa arkupeetan. Era berean, Artekaleko arkupeetan ikusgai ipini duten Guernica Gernikara, azken bidaia erakusketaren inaugurazioa ere egin dute. Guernica koadroak egin duen ibilbidea gogoratzeko eta herria berak ere aldarrikapen horren alde egin dituen ekitaldiak gogoratzeko, informazioa erakusten duten 17 lamina biltzen ditu erakusketak.