Gaur hasiko dute Hondarribiako Grand Slama
Diego Beaskoetxea gernikarrak Jon Zabala markina-xemeindarragaz bikotea osatuta jokatuko du txapelketa, eta Alex Hormaetxea bermeotarrak Mikel Manzisidor mutrikuarragaz.
Goikoetxea-Aimar eta Erkiaga-Etcheto bikoteen arteko partiduagaz hasiko dute Hondarribiako Grand Slama, gaur (irailak 17), 20:00etan, Jostaldi frontoian. Ondoren, Arbe-Lopez eta Beaskoetxea-Zabala. ETB 1ean ikusi ahalko dira partiduak 22:05etik aurrera.
Bi multzotan banatuta ariko dira hamabi pilotariak, eta ligaxka hiru jardunalditan banatu dute (irailak 17 eta 24 eta urriak 5). Multzo bakoitzeko lehenengo bi bikote sailkatuek urriaren 9an jokatuko dituzte finalerdiak, eta finala, berriz, urriaren 15ean lehiatuko dute. Bost jardunaldietako neurketak Euskal Telebistak eskainiko ditu egun berean.
Multzo edo talde bakoitzean hiruna bikote daude. A multzoan daude Goikoetxea-Aimar, Erkiaga Etcheto eta Olharan-del Rio bikoteak. B taldea, berriz, hauek osatzen dute: Arbe-Lopez, Beaskoetxea-Zabal eta Hormaetxea-Manzi.
Aurtengo Jai Alai World Tour zirkuituaren barruko bigarren eta azken Grand Slama da honakoa. Aurrekoan, Erkiaga ispastertarra eta Unai Lekerika gernikarra nagusitu ziren Gernika-Lumoko Jai Alain.