Erroxaperen egoitzak ateak zabalduko ditu astelehenean
2021-2022 ikasturtera begira ikastaroak ere antolatu dituzte; izena emateko epea zabalik dago.
Erroxape Bermeoko Emakumeen Elkarteak jakitera eman duenez, astelehenean zabalduko dute Erretenen daukaten egoitza, “pandemiagatik denbora luzean zarratuta egon ostean”. Edukiera mugatuagaz erabili ahalko dute egoitza, hau da, gehienez, 32 pertsona egon daitezke barruan, eta segurtasun neurri guztiak bete beharko direla zehaztu dute elkarteko ordezkariek.
Erroxaperen egoitzak betiko ordutegia mantenduko du: astelehenetik eguenera, 18:00etatik 21:00etara eta barikuetan 18:30etik 21:00etara.
Elkartea bere jardunera bueltatuko da, eta 2021-2022 ikasturtera begira, ikastaroak ere antolatu dituztela jakitera eman dute. Oraingoz, honakoak antolatu dituzte: bolilloak, Burua Martxan, josketa, patchwork, yoga, hipopresiboak eta/edo bizkar eskola, gitarra eta ukelele, eskulanak, abesbatza eta puntua eta kakorratza.
Ikastaro gehienak urrian hasiko dira martxan eta izena emateko epea zabalik dagoela gogora ekarri dute. Era berean, jendea animatu dute antolatuta dauden tailer eta ikastaroetan parte hartzera.