Zornotzako Master Kaiola Txapelketaren finaletik kanpo geratu da Arrizabalaga
Leire Garairen aurka 17-22 galdu du finalerdia. Etzi, Najeran, Emakume Master Cup-ek antolatutako San Mateo Txapelketako finalaurrekoa lehiatuko du pilotari gernikarrak.
Atzetik hasi zuen Zornotzako Master Kaiola txapelketaren finalerdia Olatz Arrizabalagak, eta ezin izan zion markagailuari buelta eman. Leire Garairen aurka 17-22 galdu zuen finalaurrekoa pilotari gernikarrak, eta finaletik kanpo geratu da.
“Eskas hasi nuen partidua, eta ez nuen lortu norgehiagokan sartzea”, adierazi du Arrizabalak. Tantoak egin ahala bere jokoa berreskuratu zuen gernikarrak, baina ezin izan zuen markagailua irauli. Azken markagailuak alde estua erakutsi arren, beti aurretik mantendu zen gasteiztarra: “Partidua berdintzera hurbiltzen nintzen bakoitzean tartea handitzen zuen. Deseroso egon nintzen lehia guztian zehar”. Garaik egindako “defentsa lan ona” azpimarratu du Arrizabalagak, bere erasoa gelditzea lortu baitzuen pilotari gasteiztarrak: “Dena eraman zuen, eta ni erasoan saiatzen nintzen arren, defensa lan ona egin zuen”.
San Mateo Txapelketa. Arrizabalaga eta Garai Emakume Master Cupeko San Mateo Txapelketan lehiatuko dira berriro. Etzi, Najeran, binakako txapelketako finalaurrekoa lehiatuko dute, eta partidu “gogorra” izango dela aurreikusi du Arrizabalagak. Pilotari gernikarrak Naroa Agirregaz jokatuko du Leire Garaik eta Miriam Arrillagaren aurka: “Partidu gogorra izango da, Leire aurrean defentsan lan handia egingo du, eta guk eraasora jokatu beharko dugu. Miriam Arrillaga oso atzelari ona da, indar handikoa, eta nire Naroak lan handia egin beharko du”.
San Mateo Txapelketak dagoenerako ezagutzen ditu lehenengo finalistak. Ana Belmonte eta Leire Galeano lehiatuko dira pilota goxuko finalean, eta Amaia Aldai eta Andrea Capellan, berriz, mistoan.