Kultur ekintzek harrera ona izan dute Nabarnizen
Aurten ez da andramari jairik ospatu Nabarnizen, baina modu seguru eta antolatuan egin daitezkeen kultur eta kirol ekintzek hartu dute herria. Ekintzen jarraipena "oso ona" izan da.
Aurten ez da andramari jairik ospatu Nabarnizen, baina modu seguru eta antolatuan egin daitezkeen kultur eta kirol ekintzek hartu dute herria. Kontzertu eta herri kirol erakustaldiaz gozatu zuten iraileko lehen asteburuan nabarniztarrek, eta zinemaz, dantzez eta pilota partiduez gozatzeko aukera izan dute oraingoan. Kirol eta kultur ekintzen jarraipena “oso ona” izan da, frontoiaren gehieneko edukiera behin baino gehiagotan bete baitute herritarrek.
Porrotx eta Marimototsen Zorionak Marimotots ikuskizunaz gozatu zuten txikienek eguaztenean, eta pailazoek gereziondoa eman zieten opari bezela: “Herritarrek auzolanean amets handiak egi bihurtzen dituzte. Sudurgorriok ere amets eder bat bete dugu bertan elkarrekin irri, kantu eta dantza eginez. Gereziondoa utzi diegu oparitan eta bihotza maitasunez beteta daramagu etxera bueltan”. Sarrerak agortu zituzten herritarrek, frontoiko gehienezko edukiera betez.
Zapatuan Padre no hay mas que uno 2 ikus-entzunezkoaz gozatu zuten, eta Kabelinatxe dantza taldearen euskal dantzek girotu zuten domeka eguerdia Elexaldeko plazan. Pilota partiduek hartuko zuten dantzen lekukoa, eta herritarrak horiek ikustera bertaratu ziren frontoira. Herriko txikienen partiduak, kadeteena eta nagusienak jokatuko zituzten.