Mahasti artean irabazi du Musutrukek bere lehen pintxo lehiaketa
'Mahasti artean' jaialdian parte hartu dutenen artean, onena izan da taberna horrek ogi txigortuarekin egiten duen pintxoa
Mahasti artean jaialdiak antolatutako pintxo lehiaketa irabazi du Gernika-Lumoko Musutruk tabernak. Lehenego aldia da jatekoen artean saria irabazten dutena, eta horregatik ere pozik daudela esan du tabernako jabe Noelia Sernak. “Oso pozik gaude, arlo gastronomikoan, jatekoen artean, lehenengoz irabazi dugulako sari bat”. Lehiaketan parte hartu duten pintxoen artean, Musutrukekoak izn du kontsumitzaileen baloraziorik onena. “Sari asko irabazi ditugu” –dio Sernak–, “baina esfortzurik gabe ezinezkoa litzateke. Esfortzua, lana eta maitasuna, horrela lortzen dira gauzak”. Tabernan eskaintzen duten pintxo batekin parte hartu dute lehiaketan, (ogi txigortua, etxean egindako guakamolea, izokin ketua, gazta eta errukula) txakolinarekin maridaje ona egin zezakeela iritzita. “Bizi dugun egoera zaila da, eta Mahasti artean jaialdiak antolatu duen lehiaketako saria irabaztea baliagarria da indarberritzeko eta aurrera egiteko”. Horrela, aurrerantzean heldu daitezkeen erronkei aurre egiteko ere gogotsu dauela gaineratu du Sernak.
Balorazioek ere saria izango dute. Izan duen arrakastarekin pozik daude Mahasti artean jaialdiaren antolatzaileak. Txakolina eta upeltegiak jendeari hurreratzea eta ezagutzera ematea izan da jaialdiaren helburua. Bizkaiko Txakolina jatorrizko izendapeneko elkarteak antolatzen duen ekimena Busturiadera ekarri du aurten Urremendik, eta bost lokalizaio izan ditu: hiru txakolindegi-bodega, Ekoetxea eta Urdaibai Bird Center. Horietan antolatu diren ekitaldiez gain, Urremendik aukera eman die Gernika-Lumoko ostalariei pintxoekin beraien ekarpena egiteko. Urremendiko arduradun Aitziber Ansotegik azaldu duenez, “ekitaldi denetan egin ditugu txakolin ezberdinen dastaketak, eta horiek laguntzeko, Gernikako tabernek prestatutako pintxoak izan ditugu”.
Hori baliatuta egin dute pintxo lehiaketa. Ekitaldietan dastatu diren pintxo horiek tabernetan ere dastatu ahal izan dituzte herritarrek. “Pintxo horiek erosiz gero, txakolina doan hartzeko aukera ematen zuen tabernak, eta gida baten laguntzarekin, kontsumitzaileek eurek baloratu dituzte pintxoak”. Kontsumitzaileen parte-hartzeak ere saria izango du: bi lagunentzako bost txakolin sorta eta bost esperientzia gastronomiko zozkatuko dituzte.