"Arrakastaz" ibili dira Mahasti Artean
300 pertsona baino gehiagok parte hartu dute Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotzean egindako jaialdian. Formatu txikiko zortzi ekitaldi egon dira aukeran, eskualdeko "leku berezietan".
Bizkaiko txakolina, musika, gastronomia, kultura eta natura “ezin hobeto” uztartu dituzte asteburuan Urdaibaiko Mahasti Artean jaialdian. Hala, Urremendi Landa Garapen Elkarteak eta Bizkaiko Txakolina Jatorri Deiturak antolatutako jaialdia “arrakastatsua” izan dela azaldu dute antolatzaileek.
Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotzean egin dute jaialdiaren bigarren aldia, eta leku “berezietan” bildu dira: Busturiko Amunategi, Muxikako Berroja eta Gernika-Lumoko Itsasmendi upeltegietan, Urdaibaiko Ekoetxean eta Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerren.
Jakitera eman dutenez, 300 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten barikutik domekara bitartean programatutako formatu txikiko zortzi kultur ekitaldietan. Antolatzaileek Jesus Mari Lazkanoren estudiora egindako bisitak aipatu dituzte jarduera aipagarrienetako bat modura; “margolari ospetsuak oso gutxitan zabaltzen baititu bere estudioko ateak”.
Jaialdiaren baitan, Gernikako hamabost taberna eta jatetxek pintxo lehiaketa batean parte hartu zuten. Bezeroen botoak zenbatu ostean, Musutruk Kafe Antzokia gailendu da, eta bihar jasoko du saria 10:00etan, turismo bulegoan. Kontsumitzaileen artean bi lagunentzako bost txakolin sorta eta bost esperientzia gastronomiko zozkatuko dituzte.