Bermeoko bandera ikusteko aukera egongo da olatu hormatik
Hori bai, edukiera mugatua egongo da olatu horman. Estropada ikusi gura dutenek izena eman beharko dute.
Datorren zapatuan, hilaren 18an, Bermeoko uretan jokatuko da Bermeo Hiriko 39. Ikurriña. Iaz ez bezala, aurten, batzuek aukera izango dute estropada olatu hormatik ikusteko. Segurtasun neurriak ezarri aldera, edukiera mugatua izango dela azaldu dute Bermeoko Arraun Taldetik.
Modu horretan, Bermeoko uretan jokatuko den estropada olatu hormatik ikusi gura duten horiek, aurretiaz izena eman beharko dute. Arraun Taldeak duen dendan (Batzoki azpian) eman beharko dira izen-abizenak eta NAN zenbakia, irailaren 13tik 17ra bitartean, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
Azaldu dutenez, olatu horman derrigorrezkoa izango da maskara soinean eroatea eta distantzia mantentzea.